Abisu horia iragarri zuen Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko Zerbitzuak, eurite iraunkorrengatik; eta eragina izan dute horiek, Añarbeko urtegian ere. Igandean, esaterako, metro karratuko 37,3 litro pilatu zituen urtegiak; eta abendua hasi zenetik, 85 litro izan dira guztira, metro karratuko. Atzo goizean egin zuen behera, eta eguerdiko 11:45ak arte, 8,1 litro pilatu ziren.
Horren aurrean, prebentziorako hustutze maniobrak hasi zituen Añarbek, asteburuan. Larunbateko 13:00etan hasi ziren, segunduko 23 metro kubikoko emariarekin, eta 10 metro kubikora murriztu zuten igandean.
Atzo eguerdian, segunduko 5 metro kubikora murriztu zuten emaria, beheko hustubideetatik; eta hornikuntzarako emaria eta emari ekologikoa kontutan hartuta, 7,5 metro kubiko ziren guztira. Izan ere, ordurako 9,6 milioi metro kubiko baino gehiagoko babesa lortu zuen urtegiak, bere edukieraren laurdena: %74,37 zeukan beteta.
Urumea ibaiaren mailak horretarako aukera ematen badu, hustuketa hori mantenduko du Añarbek, urtegiko sarrera eta irteera emariak orekatzeko, eta egungo mailari eusteko.