Aimar Olaizolak Binakako final haundia jokatuko du gaur Bizkaia Arena frontoian

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 8a, 00:00

Urrutikoetxea, Olaizola, Alustiza eta Ezkurdia, urrian egin zuten material aukeraketan.

Urrutikoetxearekin batera Ezkurdia eta Martijaren aurka ariko dira 17:00etan hasiko den jaialdian. Irabaziz gero laugarren txapela izango luke binakakoan eta bere 16garrena buruz burukoa eta lau t'erdikoa gehituz gero. 

Aimar Olaizola, aurrelari goizuetarrak, eta Mikel Urrutikoetxeak Binakako txapelketaren finala jokatuko dute gaur, 17:00etatik aurrera, Ezkurdia eta Martijaren kontra Bilboko Bizkaia Arena frontoian. Inoiz egon den txapelketarik luzeena izan da aurtengoa. Ia urtebete iraun du pandemia eta greba medio, baina azkenean iritsi da finaleko eguna.


Goizuetarrarentzat 26garren finala izango da, 41 urteko aurrelariarentzat. Aimarrek 16garren final haundia irabazteko aukera du. Orain arte 15 ditu poltsikoan -zortzi lau t'erdian, lau buruz buru eta hiru binaka- eta Urrutikoetxearekin berarekin irabazi zuen azkena, binaka, 2016an. Elkarrekin irabazi zuten binakakoa eta berriz irabazten badute balentria litzake. 


Ez da partidu erraza izango. Ezkurdiak eta Martijak partidu ikaragarri ona jokatu zuten larunbatean, finalerdian, eta sasoi betean iristen dira finalera. Egun horretan bertan, Olaizola eta Urrutikoetxeak entrenamendu saioa eduki zuten Bizkaia Arena frontoian. Olaizola gogotsu agertzen da finalaren aurrean. «Oso, oso, oso ongi jokatu beharko dugu txapela irabazteko. Bikote sendoa osatzen dute eta ez dute pilotarik oparitzen. Ia dena perfekto egin behar da. Bolearekin eta pilota moztean min haundia ematen du Ezkurdiak, abiadura ematen diolako pilotari. Atzera ere jotzen du. Gu ongi moldatzen gara paretean. Errematea bilatu behar dut ahal dudan gehienetan. Irabaztea polita litzake, lan haundia egin dugu horretarako».

Salaberriak ez du lau t'erdiko promozioa jokatuko
Iker Salaberriak ez zuen egun onena izan larunbatean eta promozioko lau t'erdiko txapelketara ez zen sailkatu aurrekoan Zabalaren kontra galdu eta gero. Azkoitian jokaturiko partiduan 22-16 galdu zuen aurrelari goizuetarrak. Urduri hasi zuen partidua eta ez zuen buelta emateko aukerarik izan.

Patri Espinar-Naroa Agirrek jokatuko dute Binakako Master Txapelketako finala
Amaia Aldai-Oihana Orbegozo eta Patri Espinar-Naroa Agirre bikoteek jokatuko dute abenduaren 20an, Arrigorriagan, Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketako final haundia. Derion jokatutako bi finalerdietan, hurrenez hurren,  Olatz Arrizabalaga-Gentzane Aldai (12-22) eta Ainhoa Ruiz de Infante Mirian Arrillagari (18-22) garaitu zituzten.


Pelotan aritzeko egoerarik onenak ez ziren arren –hotz haundia egiten zuen pelotalekuan eta, osasun larrialdiak eraginda, pelotariek ez dute azken asteetan nahi izango zuketen jarraikortasunik izan– emakume hauek oztopo guztiei aurre egiteko kuraia dutela erakutsi zuten Derion eta ikuskizun polita eskaini dute, nahiz eta gehienei kosta egin zaien frontoian euren lekua topatzea. Patri Espinar bizkaitarra, hernanin bizi izan da azken urteetan.

Oier Gurutzealdek ezin Kopa irabazi
Iruñean aritu zen Oier Gurutzealde astigartarra Espainiako kopan, trinketean eskuz binaka. Astigartarrak Garatearekin osatu zuen bikote eta finala 2-1 galdu zuten Santamaría eta Luquinen aurka. Lehenengo jokoa irabazi arren, 9-15, bigarren eta hirugarren jokoak 15-10 eta 15-7 galdu zituzten eta txapelak ihes egin zien. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!