Urumea Bailara erdigunean jarrita, lehiaketa antolatu zuen Kronikak. Arrakasta izan du eta parte hartze haundia izan da; 138 herritar animatu dira galderak erantzutera. Askotarikoak izan dira: Zenbat neurtzen du Onddi mendiak? Noiz jaio zen Txirrita? Zein da Astigarragako kirol elkartearen izena? Zenbat biztanle ditu Aranok? Parte hartzaile guztietatik, soilik 12k asmatu zituzten guztiak. Beraz, horiek dira Urumea Bailara hobekien ezagutzen duten herritarrak. Horietatik, Kronikalari edo Doberako bazkide ziren 3 parte hartzaileri banatu die Kronikak saria: Arkaitz Otegi, Jose Maria Olasagarre eta Amaia Vazquezi.
«Etxeko guztien artean erantzun genituen galderak, eta oso pozik gaude: kalitate haundiko produktuak eskuratu ditugu»
Izan ere, sari hori eskuratzeko baldintza zen Kronikalaria edo Dobera Euskara Elkarteko bazkidea izatea. Hori da, hain justu ere, bazkide edo Kronikalari izateak dituen abantailetako bat: egunkariak edo elkarteak antolatzen dituen lehiaketetan irabazteko eta saria eramateko aukera. Azken lehiaketa hau salbuespena izan da, baina duela bi urtetik, Kronikalarientzat besterik ez dira Kronikak antolatzen dituen zozketa guztiak. Kasu honetan, 15 galdera asmatu dituzten 12 herritarretatik 3 ziren Kronikalariak edo Doberako bazkideak; beraz, horiek izan dira irabazleak.
Esan bezala, 15 galderako sorta izan da lehiaketan antolatu dena. Bertan galdetu da Urumea bailarako mendien, herritarren eta taldeen gainean. Horietako bat zen ea zein urtetan heldu zen Martin Zabaleta Mendizale hernaniarra Everesteko gailurrera. Aski entzuna izan zen berri hura, eta Euskal Herriko mendizaleen historiara pasa da. Hernaniarrak 1979ko maiatzaren 14an konkistatu zuen Everest mendia. Tontorrera heldu zenean, ikurrina jarri zuten bertan eta hauxe esan zien beheko kanpalekuan zeuden espediziokideei, irrati-telefono bidez: «Alletunaz! Alletunaz! Gora Euskadi Askatuta! Gora Euskadi Antinuklearra!».
Beste galderetako bat zen ea Urumea Bailarako mendirik altuena zein den. Askok Mandoegi erantzun zuten, baina Arainburu da, ordea, erantzun zuzena. Horregatik jarri zioten izena Goizuetako mendi taldeari, Arainburu: Goizuetako mendirik altuenaren omenez. Hala ere, aipatu moduan, Goizuetako altuena ez ezik, Urumeako garailena ere bada. Mandoegik 1.046 metro ditu eta hori da ezagunena izanagatik; dena dela, altuagoa da Arainburu, 1.054 metrorekin.
Galdera korapilatsuren bat ere bazegoen tartean, antzeko erantzunekin. Esaterako, Astigarragako kulturgunearen izena zein den galdetu zuen Kronikak, eta erantzunen artean zeuden Errigora, Erribera edo Biteri. Azken hori Hernaniko kultur etxearen izena da, eta bigarrena da erantzun zuzena: Erribera. Irailaren 12an inauguratu zen, eta herritarrek izan zuten izena aukeratzeko aukera: Erribera ala Manttoni. Denera, 198 lagunek eman zuten botoa, eta %57,9k Erribera izenaren alde egin zuten; beste %42,1ek Manttoni izenaren alde.
Nafarroa hegoalderari, laguntza ekonomikoa
Errigorako helburua da «Nafarroa hegoaldeak propio dituen produktuak Euskal Herriko plazan kokatzea, pixkanaka elikadura-sistemaren gaineko erabakiak gure esku izan daitezen pausu txikiak emanez». Hori horrela, lehiaketako irabazleek Nafarroako hegoaldeko produktu goxoak eskuratu dituzte. Errigorako taldeak azaldu duenez, kasu honetan, «auzolanari esker», bertako euskalgintzari ekarpen-ekonomiko garrantzitsua egin diote; izan ere, saski bakoitzaren balioaren %25 bertara bideratzen da.