Klown ikuskizuna eta sari banaketa izanen dira larunbat honetan

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 7a, 00:00

Pantxika Lamurren klown ikuskizunean banatuko dira argazki lehiaketako sariak. Goizuetako eskolako frontoian izanen da, 18:00etan.

eitza, Goizueta, Areso eta Aranoko prebentzio programak eta berdintasun zerbitzuak argazki lehiaketa jarri zuen martxan. Goizuetako eta Aranoko 15 urtetik gorako biztanleei zuzendutako lehiaketa izan da eta guztira 17 argazki jaso dira. Sari banaketa berezia izanen da, sariak ez direlako betiko moduan banatuko. Larunbat honetan izanen da, arratsaldeko 18:00etan, Goizuetako eskolako frontoian.

Sari banaketa berezia

6 egun besterik ez dira geratzen argazki lehiaketako irabazleak nortzuk diren jakiteko. Irabazleak eskuratuko du Elgorriagako bainuetxean gozatzeko bi lagunentzako ibilbide termala, bazkaria eta masajea. Baina beste sari bat ere izanen da, parte-hartzaileena. Horrek, bi pertsonentzako ibilbide termala irabaziko du.

Esan bezala, sari banaketa ez da ohi moduan egingo. Pantxika Lamur pailazoak klown ikuskizuna eskainiko du eskolako frontoian, eta bertan banatuko dira sari guztiak. Gainera, emanaldian Bhutan proiektuaren baitan garatutako Zaintza pandemia garaian gaia landuko dute. Azaldu dutenez, helburua da «umoretik pandemia garaian zaintzak bizitzaren sostengurako zenbaterainoko garrantzia duen islatzea eta, beraz, tratu onak balorean jartzea». Oinarri hori hobekien bete dituzten herritarrak izanen dira, hain justu ere, argazki lehiaketako irabazleak. 

12 urtetik gorako gazteentzat eta helduentzat zuzendutako ikuskizuna izanen da Pantxika­ pailazoarena, eta herritarrak ber­­tara joatea animatu dituzte.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!