Bailarako Parrokiarteko Espetxe Pastoraltzak antolatuta, urtero egin ohi den moduan, Martuteneko espetxeko presoentzat artikuluen bilketa izango da. Opari bilketa abenduaren 17ra arte egingo dute, Izpizua kaleko parroki bulegoan. Produktuak entregatzeko ordutegia hauxe da: astelehenetan, arratsaldeko 19:30etatik 20:30etara bitartean; eta ostegunetan, berriz, eguerdiko 12:00etatik 13:00etara bitartean.
Aldez aurretik zerrendatu dituzte presoek gustura hartuko lituzketen opariak, eta zerrenda Izpizua kaleko 3garren zenbakian eskura daiteke, aipatutako lokalean. Presoek eskatzen dituztenak izan ohi dira: barruko arropa garbia gizonezko zein emakumezkoentzako, galtzerdiak, tabako rubio eta metxeroak, hortzetako pasta eta eskuilak, desodorante barra, azkazalak moztekoa, txanpua, eta abar. Edonola ere, esan bezala, aldez aurretik komeni da jakitea ea zein produktu eskatu dituzten.
Bestalde, adiskidetze sakramentuaren elkarteko ospakizunak egun hauetan izango dira: hilaren 14an, San Joan Bataiatzailea parrokian, arratsaldeko 19:30etan; abenduaren 15ean, Floridako Parrokian, arratsaldeko 19:00etan; eta, Ereñotzun, abenduaren 17an, 19:00etan.