«Euskera suspertzeko egin den lana, eredu da munduko hainbat eta hainbat txokotan»

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 5a, 00:00

Euskeraren Eguna izan zen pasa den ostegunean Euskal Herrian, eta atzo berriz, Euskaraldiari amaiera eman zitzaion.  Bizi dugun pandemiaren eraginez ezin izan dira hainbat ekintza antolatu, baina hala ere, Leire Otxotorena Euskaraldiko dinamizatzaileak  euskera erdigunera ekarri du.

Euskeraz mintzo den herrian bizi gara, eta euskeraz jardutea da askotan «euskaldunon erronka». Duela bi egun izan zen Euskeraren Eguna, hain zuzen,  egutegian gorriz borobiltzen den egun horietakoa.

Covid-19ak ekarritako osasun alarmak hainbat ekitaldi bertan behera utzi ditu, eta ezin izan da Euskeraren Eguna, bere horretan ospatu, hala ere, Leire Otxotorena Euskaraldiko dinamizatzaileak azaldu du, nahiz eta egoera erraza ez izan, «euskerari behar zaion lekua eman behar diogula».

Aurten, Euskaraldiak makina bat ekintza antolatu ditu, baina ezin izan da Euskeraren Eguna behar den bezala ospatu.  «Edozer gauza planifikatzen duzu, eta behar bada atzera botatzen digute, Covid-19arengatik... Euskaraldian guri hori pasa zaigu, planifikatu ditugu gauza asko eta aldatu behar izan ditut, egoera dela eta. Horrela lan egitea oso zaila da egia esan, ez dakizu eta,  ziur zer datorren, beraz zuk ere ez duzu ezer ziurra sortzen».

Atzo amaitu zen Euskaraldia eta Leirek dio hor jarri dituztela indarrak, «egia da politagoa izango zela Euskaraldia Euskeraren egunean bertan amaitzea,  nolabait osotasun bat ematen diozu. Baina horrela zegoen planifikatuta, beraz horrela egin dugu».

 

«Euskeraren Egunak, ikusgarritasuna galduko du»

Ezin denez ekitaldi haundirik egin, eta jende asko elkartzeko ere zailtasunak daudenez, Leirek azaldu du, «ikusgarritasuna  galduko duela Euskeraren Egunak. Euskaraldia bera ere, da ariketa bat, eskatzen duena zure harreman sozialak edukitzea eta hauetan eragitea. Justu urte honetan, oso zaila izaten ari da hau guztia, izan ere, eskatzen digute ahal dugun gutxien harremantzeko, ahal dugun gutxien egoteko eremu itxietan jendearekin... Hau da, harreman sozialak murriztu dizkigute, beraz, Euskaraldiaren ariketa bera, zaildu egiten da. Ez gara egiten ari, beharko lukeen bezala».

Hala ere, Leirek argi utzi du beste urteetan egin den bezala ospatu ez arren, «Euskeraren Eguna egin behar dela, euskeraren auzia puri-purian dagoelako, eta begi bistakoa da, oraindik zer borrokatu badaukagula, euskaldunok. Aurreko batean adibidez, ikusi nuen, Euskal Telebistan, Ahobizi txapa zuen pertsona bat, gaztelaniaz hitz egiten». Leirek dio ez lukeela horrela izan behar, «telebistan ikusten duguna askotan eredu dugu, beraz, ikusleak ikus dezala Ahobizi txapa daukazula eta euskaraz jarduten duzula. Bestela honek guztiak, indarra galtzen du. Egin behar dutenek ez dute egiten, eta hori gero herritarrengan nabaritu egiten da».

Leirek azpimarratu du, egoera zaila izan arren, Euskeraren Egunak aurrera jarraitu behar zuela, «ikusgarritasuna emateko gainera, gaur egun dagoen arazoari. Izan ere, euskeraren kontua alarma gorrian dago, gaude egoera txarrean egia esan».

 

Euskeraren Eguna ospatzearen, garrantzia

Leirek jakinarazi du, oso garran­tzitsua dela egun hau ospatzea, «hizkuntza txiki bat delako gehienbat, ahalegin haundia egin da. Urteetan atzerakada nabarmena jaso ondoren, izugarrizko ahalegina egin da, eta aurrerakada haundia egitea lortu dugu. Biziberritze prozesuarekin, hau da, hizkuntza bat egoera ahulean dagoenean, hura suspertzeko egiten den prozesu horri».

Horrez gain, «Euskal Herrian hizkuntzarekin egin den lana eredu dela» ere aipatu du Leirek, «munduko txoko askotan hala da, eta ez da gutxi!. Gainera gure nortasunaren parte da euskera. Nik pertsonalki ez dut ulertzen euskaldun bat, euskerarik gabe.  Gure identitatearen parte bat da euskera, eta hori zergatik ez dugu ospatuko?».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!