LABek langileen aurkako erasoen aurreko protokoloak eskatu ditu

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 3a, 00:00
G1 autobusean gertatu zen ezbeharra, Hernani-Donostia ibilbidean.

Sindikatuak salatu du «ulergaitza» dela Lurraldebusek horrelako protokolorik ez izatea.

Azken asteetan Lurraldebuseko autobusetan emandako eraso eta gertaerak salatu ditu LAB sindikatuak, «bereziki aurreko larunbatean, Hernani-Donostia ibilbidea egiten duen autobusean jazotakoa». Izan ere, pasa den larunbatean, azaldu dutenez, bi pertsonek arazoak eragin zituzten Lurraldebuseko autobus batean. Antza denez, bi pertsona horiei autobusetik jaisteko esan zieten gidariak eta hainbat erabiltzailek. Azkenean autobusetik kanporatuak izan ziren. Bitartean, gidariak Ertzaintzari jakinarazi zion gertatutakoa. «20 minutuz egon behar izan zuen autobusak geldirik, eta bi pertsona hauek autobusetik jaitsi zirenean jarraitu ahal izan zuen bere bidea», azaldu du LABek.

Sindikatuko kideek salatu  dute autobusetan ematen diren gertaera horien aurrean ez dagoela «inolako» protokolorik. «Gidari bakoitzak erabaki behar izaten du zer egin kasu bakoitzean. Arazoaren konponbidea gidari bakoitzaren irizpideen esku geratzen da. Ez dakigu, autobusa geratu behar dugun ala ez, arazoak sortzen dituzten pertsonak autobusetik bota behar ditugun ala ez, zeini deitu behar diogun; larrialdi zerbitzuari, enpresari, beste lankideei, eta abar».

LAB sindikatuak salatu du «ulergaitza» dela Lurraldebusek horrelako egoeren aurrean protokolorik ez izatea. «Ulergaitza da nola egoera hauen aurrean aurkitzen garen bakoitzean, ez dakigun zer egin behar den. Ez gaude prest lanean ari garen bakoitzean beldurra, ezinegona eta kezka izateko».

Horregatik, LABek helarazi du­ Lurraldebusek «protokolo bat egin eta inplantatu» behar duela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!