Argazki lehiaketaren irabazleak nortzuk diren ezagutuko da, klown ikuskizunean

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 1a, 00:00
Pantxika Lamur klowna, ikuskizun batean.

Aranon eta Goizuetan 'Zaintza pandemia garaian' argazki lehiaketa izan da, eta abenduaren 12an jakinen dira garaileen izenak. Sariak Pantxika Lamurren klown ikuskizunean banatuko dira, eskolako frontoian. 

Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko prebentzio programak eta berdintasun zerbitzuak, argazki lehiaketa bat jarri zuten martxan Goizuetako eta Aranoko 15 urtetik gorako biztanleei zuzendua. Guztira 17 argazki jaso dira eta sari banaketa datorren abenduaren 12an izango da Goizuetan, Pantxika Lamurren klown ikuskizunean. Eskolako frontoian izanen da, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. 

Klown emanaldiarekin batera, Bhutan proiektuaren baitan garatutako zaintza pandemia garaian gaia landuko da bertan. Arduradunek azaldu dutenez, helburua da «umoretik pandemia garaian zaintzak bizitzaren sostengurako zenbaterainoko garrantzia duen islatzea eta, beraz, tratu onak balorean jartzea». 12 urtetik gorako gaztetxoentzat eta helduentzat izanen da, eta segurtasun eta higiene baldintza guztiak bermatuko dira.

Bhutan proiektu garrantzitsua da Goizueta eta Aranorentzat. Izan ere, XIIIgarren Gizarte Zerbitzuen Kalitate Saria irabazi zuen iaz. Ekimen horrekin islatu nahi dute Arano eta Goizueta «herri zaintzaileak» direla. Horregatik antolatu da, hain justu ere, argazki lehiaketa hau. Eguberrietan argazkiak erakusketa moduan ikusgai egonen dira.

Horrekin batera, gaia jorratzeko hainbat bide zehaztu dituzte: Xalto eskolan, esaterako, ipuin kontalaria izanen da, ipuinen bitartez azalpenak emateko; eta, bestalde, eskolako umeek zaintza pandemia garaian unitate didaktikoa landuko dute zikloka, eta artelanak eginen dituzte gaiaren inguruan.
Sari potoloak, jokoan

Lehiaketako irabazleak eskuratuko du Elgorriagako bainuetxean gozatzeko bi lagunentzako ibilbide termala, bazkaria eta masajea.  Sari parte-hartzaileak aldiz, bi pertsonentzako ibilbide termala izanen du.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!