Indarkeria matxista salatzeko, kalera aterako dira bailarako herritarrak

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 25a, 00:00
Aurten ez dute kalejirarik egingo Goizuetan. Hala ere, morez jantziko dute herri osoa.

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako eguna da gaurkoa. Hori horrela, kontzentrazio eta salaketa ekitaldiak antolatu dituzte.

Gaur, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna da, eta honen harira, hainbat eta hainbat elkarretaratze, kontzentrazio, eta salaketa egingo dituzte Urumea bailara osoan zehar.

Hernanin, Denon ardura delako! lelopean, 10 eguneko ekintza sorta antolatu zuten. Eta jadanik egin dira batzuk, hala nola, Sarek eta Koordinadora Feministak elkarlanean antolatutako solasaldia, emakumea eta espetxea gai hartuta: Begiradak eta bizipenak txarrantxen artetik. Atzo berriz, Florecida dokumentala jarri zuten Biteriko pantailan, eta honen ostean, solasaldi bat egin zuten.

Gaur, hamaika ekintza Urumea bailaran

Gaurko egunean, aipatu moduan, hainbat elkarretaratze eta hitzordu antolatu dituzte Urumea bailararako. Hernanin, arratsaldeko 17:00etan, txapa feminista tailerra egingo dute, Gaztelekuan. Eta ondoren, arratsaldeko 19:00etan, salaketa ekitaldia antolatu du Koordinadora Feministak: «Erasoak sobran, erasotzaileak ere! Indarkeriaren pandemia denon ardura».

Astigarragan, Udalak eta Aztifemiek antolatuta, eguerdiko 12:00etan, kontzentrazioa egingo dute, udaletxe parean: «Normaltasunak hiltzen gaitu, indarkeria matxistaren aurrena antolatu eta borrokatu». Astigartarrak gainera, Donostiako manifestaziora joateko elkartuko dira. Arratsaldeko 18:15etan jarri dute zita Okendo kalean, elkarrekin manifestaziora joateko. Arratsaldeko 18:30etan emango zaio hasiera honi.

Ereñotzun, ekintza «intimoa»

Ereñotzu ere, ez da gutxiago izango, izan ere, gaurko egunerako, auzoko gurasoek proposatutako dantzaldi bat prestatu dute, haur eta irakasleek, eta frontoian egingo da. Bi dantza eskainiko dituzte, lehena; Nire gorputza da Kantu Kolore taldearena, eta bigarrena berriz, Gure Kaiola, Glaukoma taldearena. Emanaldi «xume» honi amaiera emateko, Mikel Markezen Konplize ditut eta abestia kantatuko dute.

 

Goizueta, morez jantziko da

Aurtengo egoera kontutan izanik, eta herritarren segurtasuna bermatzeko, ez da kalejirarik egingo Goizuetan. Hala ere, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko, morez jantziko dira goizuetarrak, eta balkoiak ere morez apainduko dituzte.

Etzi, Beldur Bariken sari banaketa

Azaroaren 27an, Beldur Barik Hernaniko sari banaketaren emaitzen jakinarazpena egingo da. Bizi dugun osasun alarma dela eta, komunikabide eta sare sozialez helaraziko dira irabazleen izenak.

Horrez gain, Beldur Barikek, azaroaren 30etik aurrera, autodefentsa feminista saioak antolatu ditu, eta gainera, mutilei zuzendutako maskulinitate tailerrak ere eskainiko ditu, modu telematikoan. Euskaraz izango da, eta aurrez izena eman behar da, emagin@emagin.eus helbide elektronikora idatziz.

Adineko emakumeek jasaten duten indarkeria ezkutuena ikusarazteko kanpaina

Azaroaren 25a, emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko eguna dela eta, Izaskun Landaidak eta Zuriñe Elordik,  Emakundeko zuzendariak eta idazkari nagusiak, kanpaina bat aurkeztu zuten, azaroaren 11n.

Emakundek eta Berdintasun Justizia eta Gizarte politiketako Sailak bultzatutako kanpaina hau ez da ohiko kanpaina bat; izan ere, Emakundek 55 eta 79 urte bitarteko emakumeekin egin duen prozesu baten emaitza da, eta urte askoan bizi izandako indarkeria ezberdinen benetako testigantzekin eratu da. «Emakumeak eurak dira kanpainaren protagonistak, eta eurek hautatu dute kanpainaren mezu nagusia zein izan behar duen: euren ikusezintasunarekin bukatzea eta gizarteari dei bat egitea bizi izan dituzten eta bizi dituzten egoerei adi egon dadin».

Entzunez gero, ikusiko duzu. Soilik adi dagoen gizarte batek antzeman dezake indarkeria ezkutuena da kanpaina honen leloa. Emakundek azaldu du, honekin gizartea sentsibilizatu nahi duela eta «enpatia areagotu adineko emakumeen aurkako indarkeriaren inguruan, bereziki kontuan hartuta haien egoeraren zaurgarritasuna, besteak beste, biktimak ikusezinak direlako». Kanpainak, zentzu horretan, lagundu nahi du kasuak detektatzen eta emakume nagusiei errazten baliabide espezializatuetara gerturatzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!