2021eko aurrekontua onartu du, Añarbeko Ur Mankomunitateak

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 24a, 00:00

Saneamenduko eta hornidurako azpiegitura garrantzitsuak egingo dira, 8,9 milioi euroko balioarekin.

Añarbeko Ur Mankomunitateak, hilabete hasieran, 2021eko aurrekontua onartu zuen. Bertan, 8,9 milioi euroko inbertsio plana jasotzen da, «edateko uraren hornidura eta hondakin-uren saneamendu eta arazketa sistema bermatzeko jarduketa ezberdinekin», hain zuzen. 
Azaldu dute, saneamenduko azpiegiturak izango direla, berriro ere, hurrengo ekitaldiko protagonista nagusiak, «zeren inbertsioa hiru laurden (6,32 milioi) hondakin urak jaso eta arazteko proiektuetara bideratuko baitira». Hornidura proiektuentzat berriz, 2,36 milioi euro bideratuko direla azaldu dute. Horrez gain, gainontzeko inbertsioak,  «laborategiko ekipoak erosteko izango dira, hala nola, segurtasun sistemak eta kudeaketako software sistemak ezartzeko, «0,22 milioi, hau egiteko».  
Saneamenduko eta arazketako jarduerei dagokionez, «Papresa paper fabrikaren lurreko hustubidea eraikitzeko lanak gauzatuko dira», eta honakoak 1,5 milioi euroko zenbatekoarekin. Horrez gain, Errenterian kokaturik dagoen fabrikako hondakin urak jaso, garraiatu eta itsasora isurtzen dituen gailua birmoldatuko dela azaldu dute, «fabrikan bertan arazketa biologiko bat eraikiko delarik». 
Aldi berean, Herrerako hondakin uren «ponpatze estazioa eta San Pedroko tunelak konektatzen dituen saneamenduko eroanbide bakoitza birgaitzeko obrak amaituko dira. Lan horiek  gainera, zanga gabeko teknologiaren bidez egingo dira, ia ez dira ikusiko eta eragin gutxikoak izango dira», eta honetarako ezarritako aurrekontua, 1,12 milioi eurokoa izango da. 
Finantzatuko dira, baita ere, Donostiako Martutene auzoko «saneamendu sarea zabalduko eta hobetzeko obrak, (424.000 euro), Urumea ibaia bideratzeko Uraren Euskal Agentzia egiten ari den obren ondorioz», hain zuzen. Eta azkenik, 1,47 milioi euro bideratuko dutela ere azaldu dute, «saneamenduko eta arazketako azpiegiturak hobetu eta modernizatzeko inbertsioetara: koadro elektrikoak, etab.». 
Usurbilgo Aginagako saneamendu obretarako, partida bat ere bideratu dela jakinarazi dute, «lanen hasiera Uraren Euskal Agentziaren aurrekontu erabilgarritasunaren araberakoa izango da», eta hark kofinantzatuko ditu obrak, «2019an bi erakundeek sinatutako hitzarmenaren arabera». 

Hornidurako obrak
Hornidurako obrei dagokionez, Urnietako hiri sektoreak Añarbe sistemako ur-horniduran sartzeko obrak nabarmentzen dira (990.404 euro);  eta horri esker, urnietar ia guztiei, Añarbe sistemako «edateko ura jasoko dute, denek ezaugarri berdina duen ura edango dute, ez orain arte moduan. Bizi diren lekuaren arabera uraren kalitatea ezberdina izan baita». 

Azpiegitura hidraulikoa berritzeko jarduerekin jarraituko da
Jarraituko dute, azpiegitura hidraulikoa berritzeko jarduerekin, hala nola, Petritegiko edateko uraren tratamendu estazioan, hornidura sareetan eta Añarbeko presan.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!