Hasi da erruten baso-igel gorria, eta horren testigu da #txiobatputzuan traola

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 24a, 00:00

Makina bat arrautza jartzen ditu baso-igel gorriak, putzuetan. Erraz ikusiko ditu, mendi buelta egitera doanak.

Sare sozialetan zabaldu du erronka Aranzadi Zientzia Elkarteak, jendea animatzeko putzuetan behatu, eta erruteak ikusi dituzten tokiak partekatzera. Hernani eta Errenteria arteko ingurunean hasi dira ugaltzen, aurrena.

Urtero bezala, hasi da bere joera bereziarekin, baso-igel gorria. Gainerako anfibioek ez bezala, urteko garai honetan ugaltzen da, bizileku duen basotik putzu­etara salto eginda.

Nobedaderik ere bada, ordea, aurtengo errutean: inoiz baino behatzaile gehiago dauzka. Izan ere, #txiobatputzuan traolarekin, erronka zabaldu du Aranzadi Zientzia Elkarteak, sare sozialetan: putzuetan begiratzera animatu dituzte herritarrak, baso-igel gorriaren arrautzik ote dagoen ikusteko. Eta aurkitzen badituzte, eskatu diete sare sozialetan partekatzeko non dauden, argazki batekin. Twitterren eta Instagramen ari dira bereziki, eta sekulako erantzuna izan du ekimenak, orain arte.

«Erronkaren aitzakiarekin, konturatu gara jendea animatzen ari dela mendira joatera, erruteak ikusteko. Batzuek esan digute, bi aldiz joan direla seme-alabekin, eta oraindik ez dituztela aurkitu; baina jarraituko dutela saiatzen», azaldu du Iñaki Sanz-Azkuek, Aranzadiko  biologo hernaniarrak. «Horrela, ari gara ikusten non dagoen ba­so-igel gorria, eta toki bakoitze­an noiz hasten den erruten».
Izan ere, mendi buelta egitera joaten denak, erraz aurkitu ditzake, eta horregatik iruditu zitzaien aukera ona, «erronka martxan jartzeko, eta bide batez, dibulgatzeko. Guri informazioa helarazten digute eta, era berean, lortzen dugu jendeak parte hartzea, eta espezie horretan pixka bat fijatzea».

Arrautz poltsa haundiak jartzen ditu baso-igel gorriak.
 

Hernani eta Errenteria arteko inguruetan, aurrenekoak
Suediatik hasi eta honaino dago zabalduta baso-igel gorria, eta beraz, hotza nahiko ondo jasaten duen espeziea da. «Izotz azpian ere topatu daitezke bere arrautzak», dio biologoak. Gaine­rakoek udaberri partean erru­ten duten bitartean, beraiek dira bakarrak, urte garai honetan: «hemen, urriaren erdialdera hasten dira erruten, eta altueran gora zoazela, luzatu egiten da errutea. Hernanin orain topatu daitezke arrautzak; eta Adarramendi inguruan, adibidez, Urte Berri egunean joaten direnek ere aurkitzen dituzte. Otsailera arte izaten da, gutxi gorabehera».

Bere abantailak ere baditu, orain erruteak: «putzu dexente dago, konpetentzia gutxiago dau­kate, eta elikagai gehiago be­raientzat. Udaberrian elikagai gehiago izaten da, baina orain beraientzat bakarrik denez, nahikoa daukate. Gainera, harrapakariak ere gutxi izaten dira, ornogaberik apenas izaten baita putzuetan, garai honetan».

#txiobatputzuan erronka zabaltzearekin batera, Hernani eta Errenteria arteko inguruetako argazkiak jaso zituzten. «Hemen hasten dira erruten aurrena. Hasieran, pentsatu genuen, akaso beste tokietakoek ez zizkigutela bidaltzen, egonda ere. Baina ez, esan ziguten ezagutzen dituztela baso-igel gorriaren ugaltze tokiak, eta oraindik ez zela hasi. Pixkanaka ari zaizkigu iristen, dagoeneko erruten hasi den toki gehiago», dio Sanz-Azkuek. Toki guztiak, puntu banarekin markatzen dituzte mapan, eta astero berritzen dute, sare sozialetan partekatuz.

 

Ur azpian kantari, 'abesbatza' berezia
Basoko espeziea da baso-igel gorria, perretxikotan dabilenak ondo ezagutzen duena, eta salto haundiak egiten ditu. Gorritik marroira bitarteko kolorea izaten du, eta oso ondo ezkutatzen da orbelaren artean.

Urria gerturatzean, basotik atera eta putzurako bidea egiten dute. Arra izaten da aurrenekoa: «ur azpian hasten dira kantuan, emea erakartzeko, eta oso bitxia izaten da. Taldean aritzen dira kantuan, eta koroa deitzen zaio. Oso kantu grabea da, eta putzutik gertu ixilik egonez gero, oso ondo entzuten da», kontatu du Iñaki Sanz-Azkuek.

Emea putzura joaten hasten da ugalketa prozesua, eta arrautz poltsa haundiak sortzen ditu: «oso nabarmenak dira».

Hortik aurrera, astetako kon­tua izango da errutea, tenpera­turaren arabera: «tenperatura ho­tzagoetan, mantsotu egiten da prozesua; eta altuagoetan, pix­ka bat azkartu». Zapaburuak jaioko dira arrautza horietatik, eta metamorfosia egingo dute ondoren: zapaburuak igela bilakatuko dira, eta dauzkaten zakatzak birika. «Hemendik aste batzuetara, inguru horietara joaten denak nabarituko du, igel txiki pila bat dabiltzala. Belarra zapaltzen duzu, eta saltoka hasten dira». Izan ere, ez dira berehalakoan joango basora: «putzuaren inguruan ibiliko dira hasieran, jaten; eta koxkortzen dijoazen heinean, basora joango dira. Basoan jana gehiago daukate, eta babeslekua ere bai».

Zepadiko putzua, oso puntu garrantzitsua erruteentzat
Asko dira, dagoeneko, Urumea bailarako mendi inguruetan topatu daitezkeen arrautzak; eta are gehiago, Zepadiko putzuan daudenak, Epelen. «2013an putzua egin genuenean, Txirrita eskolako ikasle, irakasle eta gurasoekin auzolanean, bagenekien baso-igel gorria bazegoela; baina egindako hiru putzuek, sekulako arrakasta izan dute. Urte hartan bertan hasi ziren arrautzak jartzen, eta oraintxe bertan, oso puntu garrantzitsua da beraien erruteentzat. Urtero, ehunka igel ateratzen dira bertatik. Arrautzez beteta dago».

Baina putzuak bakarrik ez, putzuzuloak ere oso garrantzitsuak dira: mendiko pistetan dau­den putzu txikiak. «Euriteak daudenean, eta putzu horiek sor­­tzen direnean, oso ondo aprobe­txatzen ditu baso-igel gorriak, erruteko. Askotan pentsatzen du­gu, putzu txiki xixtrin bat de­la. Baina oso garrantzitsuak dira, eta guk mikrohezegune dei­tzen ditugu. Espezie askorentzat da salbazioa».

Horien berri ere eman diete putzuen behatzaile berriek, herritarrek, sare sozialen bitartez. «Parte hartzen ari diren batzuk, dira ingurumeneko plataforma batera sartuko ez diren herritarrak, eta bestela anfibioetan fijatuko ez direnak. Baina sare sozialen bitartez iritsi zaie, eta bilatu eta hausnartuarazi egin die», dio biologo hernaniarrak.

Baso-igel gorriarekin egin dute aurrenekoz, sare sozialen bitartez herritarren ekarpenak jasotzeko erronka. «Denbora generamakien buruari bueltaka, nola lortu jendeak sare sozaletan parte hartu eta informazio hori ematea, modu antolatuan. Eta duela hiru aste, kongresu batean, oso hitzaldi ona eman zuen kataluniar batek, ingurumena eta sare sozialei buruz. Hortik abiatuta hasi ginen, erronka hau lantzen».

Ez da azkenekoa izango, aurreratu du­­enez: «udaberrirako ari gara prestatzen beste bat, eta horretarako proba moduko bat izan da oraingoa. Aurten, Twitterretik bidali dizkidate suge pila baten argazkiak, eta oso zaila da sugeak ikustea. Informazioa eskatu didate niri, eta nik trukean koordenadak eskatu beraiei. Horrela, azkenerako, 40 bat sugeren datuak bildu ditugu. Eta datorren urterako, nahi dugu egin zerbait planifikatuagoa», aurreratu du Iñaki Sanz-Azkuek.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!