Euskaraldia

Bailarako 3.000 herritarrek baino gehiagok heldu diote atzotik, Euskaraldiaren erronkari

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 21a, 00:00

Bertso saio batekin egin zioten ongietorria Euskaraldiari Astigarragan, ostegunean, Oihana Bartra eta Sustrai Colinarekin.

Sekulako gorakada izan du Ahobizi eta Belarriprest kopuruak Urumea bailaran, duela bi urteko Euskaraldiaren aldean: 2.000 pasatxo izan ziren orduan, erronka abiatzeko unean. 3.126 dira, atzo goizeko datuen arabera.

COVID-19aren pandemiak egoera aldrebestu eta Euskaraldia­ren martxa oztopatu duen arren, sekulako gorakada izan du euskeraren erabilera areagotzeko ekimenak, Urumea bailaran. Atzo hasi zen Euskaraldia, eta bailarako 3.000 herritarrek baino gehiagok heldu diote erronkari, abenduaren 4ra arte. Zehazki, atzo goizeko datuen arabera, 3.126 ziren, izena emandakoak: Hernanin eta Ereñotzun 2.140, Astigarragan 707, Goizuetan 253, eta Aranon 26.

Aurreko edizioan baino 1.000 inguru gehiago dira horiek, garai berean: 2.108 lagun zeuden izena emanda orduan, Euskaraldia hasteko momentuan. Eta gorakada horrek balio gehiago hartu du, Euskal Herri mailan izan den bilakaera ikusita. Izan ere, duela bi urte 196.000 lagun zeuden izena emanda Euskaraldian, erronka hasi zenean; eta aurten, 147.000 inguru izan dira, eman dituzten datuen arabera.

Izena emateko epea luzatuta, datorren asteartera bitarte

Izenemate epea ez dago itxita oraindik, dena den. Luzatu egin dute, datorren asteartera bitartean; eta beraz, azkeneko aukera dute, oraindik apuntatu ez diren Ahobizi eta Belarriprestek.

Horretarako, Ereñotzun ma­haia jarriko dute berriro, datorren astelehenean, arratsaldeko 16:30ak aldera. Hernanin, berriz, gaur goizean jarriko dute postua, Plaza Berrin, izena emateko eta txapak jasotzeko. Eguerdiko 12:00etatik 14:00etara izango da, eta photocalla ere jarriko dute, gerturatzen direnekin argazki­ak atera, eta Euskaraldiaren hasiera irudikatzeko, horiekin. Eta datorren astean zehar ere, kalera aterako dute Euskaraldiko postua Hernanin, arratsaldeetan, eguraldi ona eginez gero.

Bestela, Euskaraldiaren web orrian (euskaraldia.eus) eman daiteke izena.

Partehartzaileen %63a, emakumezkoa

Herenegun zabaldu zituen behin behineko datuak Euskaraldiak, eta 147.000 horien ezaugarri batzuk ere eman zituen. Horrela, partehartzaileen %79a izango da Aho­bizia, eta %21a ariko da Be­larriprest rolean. Gainera, jakinarazi dute %63a dela emakumezkoa; eta adin guztietako partehartzaileak izango dira.

Partehartzaileen jatorria ere  eman dute aditzera: gipuzkoarrak dira %44, bizkaitarrak %33, nafarrak %12, arabarrak %9, eta Ipar Euskal Herrikoak %2. Era berean, jakinarazi dute Euskal Herritik kanpo bizi diren ehunka lagunek eman dutela izena.

Eta izena eman duten guztien artean, %27ak aurrenekoz hartuko du parte Euskaraldian: ez zuten izena eman, 2018koan. «Azpimarratzekoa da, pande­mi­a­ren egoerak eragindako zailtasunak haundiak izan arren, berriro ere ariketa masiboa izango dela Euskaraldia», nabarmendu dute antolatzaileek.

25.000 Arigune baino gehiago, 6.800 entitateren eskutik

Norbanakoek bakarrik ez, entitate askok ere hartuko dute parte Euskaraldiaren edizio honetan. 6.800 entitate izango dira guztira, eta haiek, 25.000 Arigune baino gehiago sortu dituzte: euskera erabiltzeko babestutako guneak, alegia. «Beraien ahalegina ere azpimarratu behar da, egoera zailean egon arren, Euskaraldian parte hartzeko ahalegina egin dutelako», diote.

Euskeraz lasai aritzeko guneak di­ra Ariguneak, bermatzen dutenak uneoro euskeraz hitz egiteko aukera, izan entitatearen barruan, edo entitateak herritarrekin duen harremanetan. Ahobizi edo Belarriprest modura arituko dira entitate horietako kideak, baina modu kolektiboan gauzatuko dute ariketa. Mota guztietako entitateek hartuko dute parte, Urumea bailaran bertan: gizarte eragileak, enpresak, kooperatibak, kultur eta kirol elkarteak...

Mezu bat egunero, eta solasaldiak eta lan-saioak Euskaraldian zehar

Erronkari gogotsu eusteko eta gauzak errazteko, zenbait ekintza prestatu ditu Euskaraldiak, bi aste hauetarako. Horrela, ba­tetik, mezu bat zabalduko du egunero, Euskaraldiaren eta herrietako batzordeen sare sozialetan. Horietan, emango dituzte gomendioak, datu interesgarri­ak eta aipuak. Bestetik, zenbait bideo edo spot labur ere zabalduko dituzte, aurreko edizioan parte hartu zuten kideen esperientziak jasoz, eta aurten parte hartzera animatuz. Ahobizi edo Belarriprest gisa, ariketa eroso egiteko gakoak ere emango dituzte haiek.

Eta azkenik, solasaldiak eta saioak antolatu ditu Euskaraldiak, online, bi aste hauetarako. Hiru izango dira solasaldiak, eta eitb.eus eta euskaraldia.eus web orrietan ikusi ahal izango dira. Etzi izango da aurrenekoa, astelehenarekin, 19:00etan hasita: Hizkuntza hautua sare sozialen garaian. Gaizka Izagirre ariko da moderatzaile lanetan, eta Iruñe Astizek, Alex Padillak eta Aiora Mugikak hartuko dute parte. Azaroaren 25ean, berriz, Musikariak euskaraz kantatzeko erabakiaz mintzo izango da gaia, 19:00etan hori ere; eta Lei­re Palaciosek gidatuta, Rafa Rue­dak, Alex Sarduik eta Maria Riverok hartuko dute parte. Eta abenduaren 1ean izango da azkenekoa, ordu berean: Arlo sozio-ekonomikoaren hizkuntza(k). Maite Artola ariko da moderatzaile lanetan, eta parte hartuko dute Ander Aizpuruak, Mari Jose Arangurenek eta Naiara Goiak.

Lan-saioak, berriz, bi izango dira, ariketako zailtasunak gainditzen laguntzeko, Euskaraldiaren YouTubeko kanalean: azaroaren 27an Gemma Sanginesekin, 19:00etan; eta abenduaren 2an Pello Jauregirekin, ordu berean.

Euskaraldiari ekarpen 'espaziala' gaur, Alberto Azkarate astigartarrak

Eta zuzenean Euskaraldiarekin lotuta ez badago ere, ekimenari bere ekarpen berezia egingo dio gaur, Alberto Azkarate astigartarrak. Europako Agentzia Espazialak Sentinel 6 satelitea jaurtiko du gaur espaziora, arratsaldeko 18:17etan, orbitan jartzeko. Itsasoaren maila neurtuko du horrek, klima aldaketaren eragina ikusteko, eta arriskuan egon daitezkeen lekuak hobeto babesteko. 

Eta satelitearen jaurtiketa, zuzenean emango du Azkaratek, euskeraz komentatuta, bere Twitcheko kanalean: twitch.tv/espazioa. Ofizialak izango dira irudiak, Europako Agentzia Espazialarenak; baina narrazioa astigartarrak egingo du, espazioari euskal tonua jarriz. 

 

«Konfiantza kontua da»

GABI MORGA  BELARRIPREST (ARANO)

«Donostiarra naiz, eta duela bi edo hiru urte iritsi nintzen Aranora. Belarriprest izango naiz aurten, pixkanaka-pixkanaka euskeraz hitz egitera heltzeko asmoz. AEK euskaltegian ikasi dut nik, eta nahi dudana da, gutxienez herrian bertan euskeraz aritzeko gai izan, herritarrekin euskeraz egitea. Oraingoz, ondo moldatu naiz bertakoekin euskeraz egiteko, baina gehienek ohitura daukate erderara pasatzeko. Ni ere, seguruago sentitzen naiz gaztelaniaz, baina pixkanaka ari naiz saiatzen euskeraz egiten. Ez da erraza, baina konfiantza kontua da. Gustatuko litzaidake etorkizunean egunerokoa euskeraz egitea Aranon. Herritarrekin praktikatzen dut, eta hori da bidea, ikasteko modurik onena». 

 

 

 

 

«Euskeraz bizi nahi nuen»

TXARO PERALES  AHOBIZI (HERNANI)

«Zazpi urteko bikiak dauzkat, eta eskolan hasi zirenean, konturatu nintzen ez nituela ulertzen, irakurtzen nizkien ipuinak. Horrela, nola hitz egingo nuen haiekin euskeraz, haunditzen zirenean? Euskeraz bizi nahi nuen, eta Udal Euskaltegian hasi nintzen. Pixkanaka hasi nintzen euskera ulertzen, barneratzen, eta neure sentitzen. Eta esperientzia honek emandako guztia izan dira onurak. Duela bi urte, Belarriprest izan nintzen, eta nire erronka izan zen, ezezagunekin euskeraz egitea aurreneko hitza. Lortu nuen, eta gaur arte mantendu dut. Ilusio haundia egin dit aurten Ahobizi izateak, eta saiatuko naiz, ahal dudan guztietan euskeraz egiten». 

 

 

 

«Lotsak utzi behar ditugu»

ROCIO MAYORAL  BELARRIPREST (ASTIGARRAGA)

«Logroñokoa naiz, eta hona etorri nintzenean, duela 20 urte, pare bat urtez ikasi nuen euskera. Ulertu egiten dut, baina hitz egitea gehiago kostatzen zait. Baina dendan (Leizuri Izozkiak) nagoenean, arreta euskeraz egiten dut, betidanik. Horretarako moldatzen naiz, ikasi ditut hitzak eta esaldiak, baina zenbakiekin nahastu egiten naiz! Euskeraz hasi nahiko nituzke solasaldi guztiak. Lotsa kentzen nijoa, eta nire egoeran dagoen jendea animatu nahi dut, lotsak utzi eta euskeraz hitz egitera. Jendeak lagundu egiten dizu. Nire senarraren amarekin, beti hasten naiz euskeraz, eta animatu egiten nau. Berari ikasi dizkiot esaera asko». 

 

 

 

«Auzokoek laguntzen didate»

LEIRE RODRIGUEZ  BELARRIPREST (EREÑOTZU)

«Donostiako Altza auzokoa naiz, eta garai hartan, oso erdalduna zen. Errenteriara mugitu nintzenean hasi nintzen euskaltegian. Orain ez daukat joateko astirik, baina Ereñotzun, saiatzen naiz bertakoekin euskeraz egiten. Beraiek euskeraz bizi dira, eta nik ere horri eutsi nahi diot, akatsak eginez bada ere. Gainera, beti daude prest laguntzeko; oso jatorrak dira. Urte asko daramazkit Ereñotzun, baina umea izan arte ez neukan hainbesteko harremana, bertakoekin. Gerora hasi naiz euskeraz gehiago egiten. Ereñotzutik kanpo gehiago kostatzen zait, ingurune erdaldunagoa daukadalako. Baina lanean ere, euskeraz egiten saiatzen naiz, hala nahi dutenekin. 

 

 

 

«Ia dena egiten dugu euskeraz»

IRATI AROZENA  ARIGUNEA

«Arigune bezala eman dut izena, ileapaindegiarekin. Hemen ia dena egiten dugu euskeraz, betidanik; eta izena eman nuen, euskera gehiago bultzatzeko. Euskaraldiko banderola ere jarri dut ileapaindegian, jendea parte hartzera animatzeko. Nahiz eta herri mailan asko erabili, bultzada bat behar du euskerak. Batenbat baldin badago, euskeraz egiten ez duena, horretara animatu behar dugu. Ileapaindegian, gaztelaniaz egiten dutenekin, saiatuko naiz euskerara ekartzen. Ez badute ulertzen, pasako gara erderara; baina behintzat, saiakera egingo dugu».)

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!