LAB

«Langile-taldea indartu behar da»

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 21a, 00:00

Galarretako LIDL dendan ere langile falta izan dela salatu dute: «lan karga haundia dugu; nazkatuta eta haserre gaude».

LAB sindikatuak adierazi du «ezinbestekoa» dela Gipuzkoako LIDLeko dendetako langiletaldea indartzea, «pandemiak eragindako egoeratik harago». Sindikatuak emandako datuen arabera, LIDLek 9 denda eta 220 langile inguru ditu Gipuzkoan; zehazki Eibarren, Arrasaten, Hernanin, Irunen, Donostia eta Azkoitian. Denda guzti horietako lan-taldearen egoera salatu du. Izan ere, haien esanetan, «martxotik jo eta su ari dira lanean langileak. Hasieran enpresak neurri batzuk hartu bazituen ere, hilabeteak aurrera joan ahala, ustezko normaltasunaren aitzakian enpresa erlaxatzen joan da, eta gaur egun, langileak bakarrik aurkitzen dira denda aurrera ateratzeko garaian».

Edonola ere, gaizkiegon hori pandemiaren aurretik ere bazegoela helarazi dute. «Hasieratik egindako eskaera da; ezinbestekoa da LIDLeko dendetako langile-taldea indartzea. Eta ez da COVID-19aren pandemiak zein ondoriozko segurtasun neurriak lan karga biderkatu dutelako bakarrik, lehenagotik ere ezagutzen genuen egunerokoa delako. Eta orain, ia 8 hilabete beranduago, oraindik ere pandemia garaian eta Gabonek dakarten salmenten igotzearekin, LIDLeko langileak nekatuta eta haserre daude».

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatuak egoera honi aurre egiteko, hainbat eskaera egin ditu: Kontratazio gehiago egitea denda guztietan; nahi duten langileei lanaldiak handitzea; dendetako aforoak gehiago mugatzea; produktuen aniztasuna mugatzea; dendak arratsaldeko 20:00etarako, beranduenez, ixtea; eta, azkenik, produktibitatea presio mekanismo zein helburu bezala ez erabiltzea.

Amaitzeko, aipatu dute «honek ezin du horrela jarraitu. Langileen osasun fisiko zein psikologikoan eragin zuzena du».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!