Hezkuntza

Ikasgelatik basora, Eskola Agenda 2030 berriarekin

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 21a, 00:00

Ikasle talde bat, Agenda 21eko proiektu batekin. Argazkia: Hernaniko Udala

Lehorreko ekosistemetako bizitza landuko dute aurten, Astigarragako eta Hernaniko ikastetxeek, orain arte Eskola Agenda 21 zenaren barruan.

Ezaguna izan dugu azkeneko urte hauetan Eskola Agenda 21, ikas­te­txeetan lantzen dutena. Garapen iraun­korraren bidean, gai jakin bat lantzen aritu dira ikas­turte bakoitzean: egoera aztertu, konponbideak proposatu, insti­tuzioei helarazi...

Ikasturte honetan, izen berria hartu du egitasmoak, eta Eskola Agenda 2030 izango da, aurrerantzean. Helburua berbera izango da: garapen iraunkorrari buruzko sentsibilizazioa sustatzea. Eta oinarri izango ditu, Nazio Batuen Erakundeak 2015ean onartu zituen 17 Garapen Iraunkorrerako Helburuak, munduan pobrezia desagerrarazi, planeta babestu eta pertsona guztiei oparotasuna bermatzeko. 2015eko irailaren 25ean onar­tu zituzten helburu horiek, NBE osatzen duten 193 herrialdek. Eta aurrerantzean, horietan oinarrituko da eskoletako lanketa.

Aurtengo lanketa, basoetan

Astigarraga eta Hernaniko ikastetxeen kasu­an, 15garren helburua da aurten landuko dutena: lehorreko ekosistemetako bi­zitza. Oso helburua zabala da, alderdi asko hartzen dituena: lehorreko bizitza babestea, lehengoratzea eta modu jasangarrian erabili dadila sustatzea; basoak modu jasangarrian kudeatzea; basamortutzearen aurka borrokatzea; lurren degradazioa gelditzea eta lehengoratzea; eta biodibertsitatearen galera gelditzea. 

Horien artean, basoen inguruan ariko dira Hernaniko eta Astigarragako ikasleak. Astigarragako Herri Eskolan, Haur Hezkuntzako 68 ikaslek eta Lehen Hezkuntzako 356 ikaslek hartuko dute parte, eta Izadi 21eko kideen laguntzaz landuko dute gaia. Hernanin, berriz, Udalak bultzatu eta Artelatzek garatuta, 2.500 ikasle inguruk hartuko du parte, Haur Hezkuntzatik hasi, eta Batxilergoko zein Gizarte Berrikuntzako ikasleetara.

«Ikasturtean zehar, hausnartzeko aukera paregabea daukagu. Burutuko diren ekintzen berri izango duzue. Dagoeneko martxan gaude, ikastetxeetako partaide guztiak, ikasle, irakasle zein guraso, aldaketaz informatuz eta motibazio fasean sartuta. Hemendik aurrera, ikastetxearen eta herriaren diagnostikoa egokituko da, betiere aurtengo helburua kontuan izanik», azaldu dute. Horretarako, hainbat galdera planteatu dituzte, ikastetxeko eta herriko argazkia egiteko: «Zer da baso bat? Zerk osatzen du basoa? Landaketa eta basoa, gauza bera al dira? Nolakoa da gure ikastetxearen ingurua? Eta herria? Zenbat berdegune eta baso daude herri eremuan? Zein kontserbazio mailetan? Eta bere kudeaketa?».

Galdera horiei tiraka landuko dute ikasleek, aurtengo gaia: «naturaz gozatzeko ingurune aparta dira basoak; orain, inoiz baino gehiago. Eta zuek ere animatu nahi zaituztegu, jasangarritasunaren trenera igotzera, inor atzean utzi gabe!», nabarmendu dute.

Hondakinen Prebentzioaren Astea, gaurtik

Ingurumenarekin eta jasangarritasunarekin lotuta, beste zita bat ere badaukate ikasleek, egun hauetan. Izan ere, Hondakin Prebentzioaren Astea hasiko da gaur, eta datorren astean zehar, horri buruz ariko dira, esaterako, Astigarragako Herri Esko­lan: hitzaldiak emango dituzte hondakin gutxiago sortzeari buruz, gelaz gela, Udaleko ingurumen saileko eta hondakinen arloko arduradunek. Lanketa egingo du­­te hamaiketakoa biltzeko alu­minio-paperarekin; eta opari ba­­na egingo diete ikas­leei: eztia­re­kin egindako poltsa. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!