Milaka langileren egoera gaiztotu da COVID-19aren pandemiaren ondorioz

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 21a, 00:00

Bere jarduera eten behar izan zuten Hernaniko eta Astigarragako enpresa gehienek, pandemiaren aurreneko asteetan.

AIURRI ALDIZKARIAK landutako erreportajea.

Lan munduan koronabirusak eragin duen kaltea oso handia izaten ari da, eta datuak ageriko sentsazio hori indartzera datoz. Langabezia igo egin da eta ERTE egoeran murgildutako langileen kopurua deigarria da. 7.985 dira, denera, Beterri-Buruntza eskualdean.

Lan munduan koronabirusak eragin duen kaltea oso handia izaten ari da, eta datuak ageriko sentsazio hori indartzera datoz. Langabeziak gora egin du eta ERTEan murgildutako langileen kopurua oso deigarria da. Ia zortzi mila lagun daude edo egon dira aldi baterako erregulazio espedientean.

Buruntzaldea eskualdeak gabezia batzuk baditu, eta nagusiki bi dira: lehena, enpresen tamaina oso txikia dela. Bataz beste, 10 langile azpikoak dira enpresa gehienak. Eta, bigarrena, etorkizunari aurrea hartzeko duten zailtasuna. Digitalizaziorik ez da apenas eman. Eta bi aldagai horiez gain, eskualdeko enpresetan ez dago berezko produktu propiorik, eta kanpoko enpresa handien baitan daude. Horrek dependentzia egoera handia eragiten die.

Udaberrian pandemia hasi zenetik, eskualdeko ekonomiak jaso duen kolpea handia izan da. Eta horrek eragin zuzena izan du langilegoarengan.

Langabezia

Azken bost urteetako daturik txarrena eskaintzen du, eta iazko datuekin alderatuta, 809 afiliatu gutxiago daude Gizarte Segurantzan alta emanda. Urte batetik bestera langabezia 2,23 puntu igo da. Une honetan, eskualdean langabezia %10,2an aurkitzen da. Datuak aletzen hasita, zerbitzuetan 525 langabetu gehiago dago, eta industrian 104 gehiago.

 

ERTEak

Aldi baterako erregulazio espedientean murgildu diren langileen kopurua ikusita, oso ondorio kezkagarriak atera daitezke. Kopurua oso handia da, ia 8.000 lagun egon dira egoera horretan. Enpresa txikiak izanik, menpeko industria izanik eta zerbitzuetan ostalaritzak eta merkataritzak pisu handia izanik, hobeto ulertzen da datu handi hori. Izan ere, pandemia ondoen saihestu duten sektoreak energiarekin, informazioaren eta komunikazioaren teknologiekin, telekomunikazioekin edo informatikarekin loturikoak dira. Eta horien pisua gure eskualdeko ekonomian oso oso apala da. Ekonomia gurean enpresa txikiak eta gertuko zerbitzua eskaintzen duten ekimenak dira. Pandemian gehien sufritzen duten sektoreak, alegia.

Azken bost urteetako daturik txarrena eskaintzen du langabeziak eskualdean. Une honetan, %10,2koa da langabezia-tasa.

ERTEen bilakaera hori oso tentuz jarraitu beharrekoa da, behin behineko neurriak direlako. Estatu mailan hartutako neurria da, gizartea babesteko hartu dena, eta pandemia egoera luzatzen eta zailtzen bada ikusi beharko da estatuak zenbaterainoko aukera izango duen ERTE kopuru handi horri eusteko. Txarrenean jarrita, ekonomia geldialdian sartuz gero, ERTE egoeran dauden langile asko langabeziara joan daitezke. Hori gertatuko balitz, aurreikuspen batzuren arabera, langabezia tasa 3 edo 4 puntu igoko litzateke. Hazkunde horrek larritasun egoera handitu besterik ez du egingo. Zer gerta ere, etorkizunak bide eraldatzailea marraztu behar du. Kontua ez baita lehengora itzultzea. Eskualdeko enpresen sarea ikusita, enpresa horiek guztiak etorkizunera begira jarri behar dira. Berraktibazio planetan aditu direnek lehentasunak ezarri dituzte: merkaturatzeko egokitzapen planak, berrikuntza eta digitalizaziorako erremintak, iraunkortasunerako inbertsio neurriak, trantsizio energetikoa ahalbidetzeko laguntzak... 

Eskualdean, ostalaritzako 1.332 lagun egon ziren ERTEan; eta funtsezkotzat hartu ez ziren merkatarien kasuan, 1.124 egon ziren ERTE egoeran.

 

Zerbitzuak eta industria eskualdean nagusi dira

Astigarraga eta Hernani BeterriBuruntza eskualdean kokatzen dira, eta Gipuzkoako eskualde gehienetan bezalaxe, zerbitzuak eta industria atalek dute pisu gehien. Zerbitzuetan, egoera zailean dira ostalariak eta merkatariak. Ostalarientzat kolpe handia izan da mugikortasunari lotutako murrizketak ezartzea. Eskualdean ostalaritzako 1.332 lagun egon ziren ERTEan. Merkatarien kasuan egoera ez da asko aldatzen, baina badira zehaztu beharreko ñabardurak. Izan ere, oinarrizko elikagaiei loturiko merkatalguneentzat egoera ez da hain larria izan. Oso larria izan da, aldiz, pandemia garaian funtsezkotzat hartu ez ziren gainerako merkatarientzat. Martxotik hona 1.124 pertsona izan dira ERTE egoeran.

Industrian arreta ipiniz gero, jarduera nagusia metalurgiari, metalari eta plastikozko produktugintzari lotuta dago. Pandemiaren hasierak eragin handia izan zuen industriaren gehiengoan, eta udaberrian %32ko jaitsiera izan zuten ekoizpenean. Jaitsiera horrek eragin zuzena izan zuen langileengan. 1.832 lagun aldi baterako erregulazio egoeran murgildu ziren, ERTE modura ezagutzen den egoeran. Sektoreak, oro har, egiturazko gabeziak ditu. Tamainaz txikiak dira (bataz beste, 10 langile azpikoa), kanpo esportazioen menpe daude eta enpresa handiagoen hornitzaile nagusi dira.

Ezberdin egiten duten aldagaiak Eskualdeak baditu gainerako eskualdeekin alderatuta ezberdin egiten duten aldagaiak. Sagardogintza, esaterako. Ostalaritzan eta turismoan eragina du, eta pandemian egoera aldarazteko saiakera itzela egin dute.

Bada beste bereizgarria eskualdean, hori kultur eta sormen industriari lotuta. Kultura eta aisialdiari lotutako enpresa asko dago, gehien-gehienak Martin Ugalde Kultur Parkearen inguruan bilduta. Bereizgarri hori interesgarria izan daiteke egoera orekatu batean. Zoritxarrez, kultur industria oso lotuta dago jendaurreko ekitaldietara. Eta hori, bistan da, ia ezinezkoa da egitea. Enpresa txikiak dira, horietako asko autonomoak, eta sektore horrek sufritu du gehien pandemia garaia. Bataz beste, sektorean %50 eta %75 artean jaitsi da fakturazioa.

 

Ostalaritzan eragin du langabezia eta ERTE kopuru handia, pandemiak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!