Etxerat

«Ez daude bizikidetzan aurrera egiteko lanean eta nahiago dute liskarrari eutsi»

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 20a, 00:00
Patricia Velez Lopez de Zubiria eta Urtzi Errazkin Telleria, atzoko prentsaurrekoan.

Etxerat Elkarteak prentsaurrekoa egin zuen atzo goizean, eta euskal presoen egoeraren hainbat datu plazaratu zituen. Egun, 129 euskal preso daude lehenengo graduan, eta gaixotasun «larriak eta sendaezinak» dituzten 18 daude espetxeetan.

Etxerat Elkarteak prentsaurrekoa egin zuen atzo, euskal presoen egoera zein den azaltzeko eta horren gaineko datuak argitaratzeko. Patricia Velezek eta Urtzi Errazkinek jakitera eman zutenez, egun 173 preso daude Espainiar Estatuko 40 espetxetan. Aurreko horiek aintzat hartu gabe, «soilik 17 preso daude Euskal Herriko espetxeetan». Horretaz gain, 31 preso daude Estatu frantseseko 7 espetxetan. Horren bueltan, Espainian dauden 173 preso horietatik ia erdia (%49a), 600 eta 1.000 kilometroko distantziara dauden espetxeetan dago.

Halaber, emandako datuen arabera, gaur egun preso bat isolatuta dago Soto del Realen, 129 preso daude lehenengo graduan, 53 bigarrenean eta 8, berriz, hirugarrenean. Errazkinek azpimarratu du lehenengo graduan dauden presoei «ukatu egiten dietela gizarteratzeko bidea», eta Velezen esanetan, «legeak dioena aintzat hartuta, ez lukete 14 egunez baino gehiago egon behar egoera horretan, baina euskal presoek urteak ematen dituzte horrela».

Bestalde, 2018ko irailetik Espainian 74 preso politiko gertuago dauden espetxeetara eraman dituzte. «Tonbola bat da, ez dakigu zer irizpideren arabera egiten duten hori», esan du Velezek. «Hala ere, aspalditik egon beharko lukete etxean», gehitu du Errazkinek.

18 preso «larri» gaixo daude

«Kalean egon beharko luketen» 18 preso daude gaixo larrien zerrendan, eta  horietatik, jakinarazi dutenez, 4 ez dira publikoak.  «Zoritxarrez beste preso bat gehitu behar zaio zerrenda honi», esan dute. Izan ere, Gotzon Tellería Ugartek gaixotasun «larri eta sendaezina» du, eta 2017tik dago preso, Madrid VII-Estremerako espetxean. Gainera, Ibon Fernandez Iradik esklerosi anizkoitza du eta positibo eman du COVID-19an. Horregatik, «isolatuta mantentzen dute», azaldu dute.

Azkenik, horri guztiari gehitu diote 89 adingabek ehunka kilometro egin behar dituztela gurasoak ikusteko. Horrekin, «bidaiatu ezin duten eta seme-alabak ikusi ezin dituzten senideen kopurua esponentzialki hazi da», salatu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!