Udala

'Zaintza pandemia garaian' ekintzaren barruko argazki lehiaketan partehartzeko epea igandera arte luzatu da

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 17a, 00:00
Argazki lehiaketan azaroaren 22ra arte parte hartu daiteke.

Zaintza eta tratu onak balorean jartzeko antolatu da, pandemia garaian izan duten garrantziaren  inguruko hausnarketa bultzatuz. 15 urtetik gorakoentzat da lehiaketa eta bi argazki aurkeztu daitezke.

Konfinamenduak eta orokorrean pandemiak bizitzaren sostengurako oinarrizkoa eta beharrezkoa den hura argitara atera du. Zaintzaileen papera inoiz baino nabarmenagoa izan da eta kontziliazioa, tratu onak, erantzunkidetasuna, komunikazioa eta elkarbizitzaren garrantzia agerian geratu da.

Horregatik Leitza, Areso, Goizueta eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Goizueta eta Aranoko Prebentzio eta Berdintasun batzordeak argazki lehiaketa antolatu du, zaintzak eta tratu onak balorean jartzeko, pandemia garaian izan duten garrantziaren inguruko hausnarketa bultzatuz. 

Lehiaketan nahi duen lagun orok har dezake parte, 15 urte baino gehiago izanez gero, eta lehiakide bakoitzak gehienez bi argazki argitaragabeak aurkeztu ditzake.

Argazkiak hasiera batean azaroaren 10era bitarte aurkeztu zitezkeen, baina epea luzatu eta azaroaren 22ra bitarte aurkeztu daitezke lagatratuonak@gmail.com helbidera bidalita. 

Bi sari eder banatuko dira parte hartzaileen artean: Lehen saria, Elgorriagako bainuetxean ibilbide termala, bazkaria, masajea (2 lagunentzat) izango da. Epaimahaiak erabakitzen duen argazki irabazlearen egilearentzako izango da.

Bigarren saria, Elgorriagako bainuetxean ibilbide termala (2 lagunentzat) da. Parte hartzaileen artean zozketa bidez hautatuko da.
Oinarriak, goizueta.eus webgunean daude ikusgai. 

Xalto eskolan gaia lantzen ari dira eta azaro amaieran erakusketa eta klown ikuskizuna egongo dira

Halaber, Xalto Eskolako umeek zaintza pandemia garaian unitate didaktikoa landuko dute zikloka, artelanak egingo dituzte gaiaren inguruan, eta ipuin-kontalaria izango due gaia lantzeko. Erakusketa eta klown ikuskizuna ere izango dute, ekimenari itxiera emateko. 
Zaintza eta tratu onei eman diete garrantzia. Izan ere, diote, Goizueta eta Arano beti izan direla «herri zaintzaileak». Gainera, diote, «zaindu eta zaintzaile paperak inoiz baino nabarmenagoak izan dira eta kontziliazioa, tratu onak, komunikazioa eta elkarbizitza bezelako hitzen indarra gure behar eta nahietan nozitu ditugu. Bizitzarako lehentasunak hortan oinarrituak dira».

Helburu nagusia da «zaintza eta tratu onak balorean jartzea, pandemia garaian zaintzak izan duen garrantziaren inguruko hausnarketa bultzatuz». Horretaz gain, beste hainbat helburu zehatz ere ezarri dituzte: herritarren parte hartze aktiboaren bidez, tratu onak eta bizitza osasungarria bultzatzea; norberak bere burua zainduz besteak zaintzearen ideia barneratzea; eta berdintasuna eta errespetua aldarrikatzea. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!