GKSk jardunaldi politikoak antolatu ditu azarorako

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 15a, 00:00
Buruntzaldeako Gazte Koordinadora Sozialistako kideak ostiraleko prentsaurrekoan, Tilosetan.

Buruntzaldeako Gazte Koordinadora Sozialistak jardunaldi politikoak egingo ditu Andoainen eta Hernanin, azaroaren 19an, 20an eta 21ean.

Herenegun bildu ziren Buruntzaldeako Gazte Koordinadora Sozialistako kideak Tilosetan, azaroaren 19an, 20an eta 21ean Andoainen eta Hernanin antolatu dituzten jardunaldi politikoak aurkezteko.   Azaldu zutenez, jardunaldien helburuak  dira «gaur egun garatzen ari diren kontrol mekanismo berrien eta askatasunen urraketen inguruko hausnarketa politikoak plazaratzea eta horiek egungo testuinguruan betetzen dituzten funtzioak azaleratzea». 

Helarazi zuten «ezinbestekoa» dela gai horiek jorratzea. «Orokortzen eta normalizatzen ari den auzi bat da aipatutakoa, zeina ezin baita testuinguru politiko orokorretik isolatuta ulertu. Bide horretan, gazte langileen kriminalizazioaz, jazarpen polizialaz, kontrol sozialaren zentzu politikoaz eta askatasun politikoez jardungo dugu egun horietan, besteak beste, eztabaidarako eta hausnarketarako gakoak emateko helburuarekin». 

Gazte Koordinadora Sozialistak dio krisi kapitalistaren testuinguruan, kontrol sozialaren garapena, «aldaketa kultural» baten elementu bat dela. Alegia,  «patroi kultural berrien araberako bizitza sozialaren berrantolaketa prozesuaren ezaugarrietako bat» dela diote. «Argi adierazi dugu hori aurrera eramaten ari garen salaketa kanpainan; izan ere, COVID-19aren testuinguruan hartu diren neurri murriztaileak jendartearen osasuna bermatzera begirako neurriak direla adierazten badigute ere, garbi dago geratzeko etorri den eredu sozial bati erantzuten dietela neurriok, eta datorren etorkizun makurraren adierazle direla: pobrezian eta askatasun faltan oinarritzen den etorkizunarena, alegia. Orain antolatu eta borrokatu ezean, etorkizunaren aurpegia iluna izango da, eta bere oinarriak pobrezia, arbitrariotasuna, kontrol orokortua eta ezjakintasuna izango dira», gehitu zuten.

«Eskubideen eta askatasunen» defentsaren alde egingo dute
Azaldutako egoeraren aurrean, Buruntzaldeako Gaztee Koordinadora Sozialistako kideek uste dute «berebiziko» garrantzia duela «ezabatu» dituzten eskubideen eta askatasunen defentsa egiteak, eta «horiek gaindituko dituen proiektu politikoa egunez egun eraikitzen joateak». Ostiraleko prentsaurrekoan helarazi zutenez, «gure antolakuntza eta garapenerako beharrezkoak dira: biltzeko askatasuna, manifestatzeko askatasuna, intimitatea edukitzeko eta kontrolatuak ez izateko askatasuna, antolatzeko eskubidea, mugitzeko askatasuna, egiazko informazioaren aukera...».

Orain arte aipatutakoari beste ideia bat gehitu nahi izan zioten, ostiralean egindako agerraldian. «Beste neurri askorekin batera, gure inguruko herrietan, poliziaren presentzia eta pankarten kontrako jardun sistematikoa edo gazteonganako identifikazio arbitrario eta isun mehatxuak nabarmen egin dute gora azken hilabete hauetan». Horrek guztiak ondorio batzuk ekarri dituela salatu zuten:  «gazte langileen eta langile klasearen zaurgarritasunaz baliatu dira, ematen diren diziplinamendu prozesuak gure eskubideen ezabatzea muturrera eraman dituztelako». 

Hori guztiagatik, Buruntzaldeako Gazte Koordinadora Sozialistak hauxe uste du: «betebeharra da une honetan pairatzen ditugun kriminalizazioa eta jazarpen polizialak agerian uztea, eta inoiz baino argiago adieraztea jendarte honetan kriminala den agenterik baldin badago hori ez garela gu, baizik eta jendartearen zatirik handiena bizimodu miserable batera kondenatzen duena dela hemen kriminala.  Horregatik, hegemonikoak diren ideien atzean dagoen intentzionalitate politikoa azaleratu behar dugu, egun gertatzen ari diren aldaketa guztien erantzule zuzena burgesia dela ozen esanez».

Guztiaz hausnartzeko eta eztabaidatzeko, Buruntzaldeako­ Jardunaldi Politikoetara bertaratzeko deialdia luzatu zieten herritarrei. Zehaztutako egunak hiru dira, eta gai ezberdinak jorratuko dituzte saio bakoitzean. Lehen jardunaldia azaroaren 19an  izango da Andoainen, arratsaldeko 18:30etan. Bigarrena azaroaren 20an Atsegindegin, 18:30etan. Eta azkena, azaroaren 21ean Atsegindegin goizeko 11:30etan, eta arratsaldean ere izango dute saioa Plazan, 18:30etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!