Esku Pilota

Salaberriak urtea bete du profesional bezala, Buruz Burukoa jokatuz

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 14a, 00:00

Aurrelari goizuetarrak bart gauean Jon Erasunen aurka egin zuen debuta promozio mailako txapelketan, Irungo Urantzu frontoian.

ker Salaberria goizuetarrak urtea bete du profesional bezala azaroan eta bart gauean aukera izan zuen lehenengo Buruz Burukoa jokatzeko. Irungo Urantzu frontoian Jon Erasunen kontra aritu zen. Irabazlea finalerdietara pasako da.

Zortzi pilotarik, lau Baiko enpresakoak eta beste lau Aspekoak, parte hartuko dute. Bilbon egindako zozketa eta gero final-laurdenetako partiduak ondorengoak izango dira: Axier Arteaga eta Javier Zabala, Jon Erasun eta Iker Salaberriaren, Aitor Arangureneta Aitor Elordi, eta Beñat Urretabizkaia eta Julen Egiguren. Lehenengo bi partiduak Irunen jokatu ziren atzo, gaur Aranguren eta Elordi neurtuko dira Bilbon eta bihar jokatuko dute Eibarren Urretabizkaia eta Egigurenek.

Lehen Mailako Buruz Burukoan bezala, araudian aldaketak egin dira, hala nola sei t'erdiko pasaren kokapena edo enpresa ezberdinetako pilotarien arteko partidetan botileroak egotea. Finala azaroaren 28an jokatuko da eta ez da atzerapenik aurreikusten.

Aimar Olaizolak, 41 urte

Goizuetak bi pilotari profesional ditu momentu honetan, aipaturiko Iker Salaberria eta noski, Aimar Olaizola. Aimarrek gaur bertan jokatuko du partidua Bilbon. Jaialdiko hirugarrena izango da eta bertan Olaizola eta Elizegi, Peña eta Salaverriren aurka ariko dira binakako lehian.
Goizuetako txapeldun haundiak atzo bete zituen 41 urte. Duela 22 urte egin zuen debuta, 1998an, Lekunberrin, eta bizitza erdia baino gehiago bete ditu dagoeneko profesional bezala, emaitza ezin hobeekin. 

Orain, binakako txapelketaren finalaren zain dago. Urrutikoetxearekin batera sailkaturik dago final haundirako, baina ez dago ez datarik, eta aurkaria ere oraindik jakiteko dago. Ezkurdia-Martija edo Agirre-Albisu bikoteek dute aukera hori, baina kasua oraingoz epaiaren zain dago.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!