Pandemia urtea

Eta zuek, Urumea bailarako herritarrok, nola bizitu duzue urte arraro bezain berezia?

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 14a, 00:00
Momentu gogorrak bakarrik ez, alaiak ere bizi izan dituzte bailarako herritarrek, baita balkoitik balkoira ere.

2020a bezalako urterik ez dugu ezagutu herritar gehienok, eta beharbada, ez dugu horrelakorik biziko berriro. Horregatik, zuen kontakizunak jaso nahi ditu Kronikak, pandemiak hankaz gora jarri duen urtea deskribatzeko, zuen hitzetan. 

Bada oraindik gure artean, 1918 eta 1919ko gripearen pandemia bizitu zuenik; eta gehiago dira, XXgarren mendeko Mundu Gerrak eta Gerra Zibilak ezagutu dituztenak. Urteak edo garaiak markatzen dituzten gertakariak dira horiek, denbora luzez gogoratzen direnak. Baina herritar gehienok, orain arte, ez dugu ezagutu eta bizitu aurtengoa bezalakorik; eta beharbada, ezta berriro biziko ere.

2020 urtea hankaz gora jarri du COVID-19aren pandemiak, martxotik urte bukaerara bitarte; eta noiz arte luzatuko den ere ezin jakin oraindik. Baina ziur, urte luzetan, eta akaso bizitza osoan, gogoratuko dugu, erabat ezohikoa izan zen 2020 hura: etxetik atera ezinik egon ginenekoa, denak maskarillak jantzita ibili ginenekoa, egunerokoan ia beste gairik ez zenekoa, ekitaldi eta jarduera ia guztiak bertan behera geratu ziren garaia...

Kontatu zuen hitzetan, nolakoa izan den 2020 urtea

Pandemia honek urrundu egin gaitu kasu askotan, elka­rren­gandik gertuago sentiarazi ere bai, beste zenbaitetan. Guztiok bizitu dugu urte berezia bezain arraroa, urte gogorra, zenbaiten bizimodua ere aldatu egin due­na. Eta beraz, guztiok daukagu zer kontatua, 2020 urteari bu­ruz. Horregatik, zuen kontakizunak jaso nahi ditu Kronikak, horien bidez deskribatzeko eta aurpegia jartzeko aurtengo urteari. Nola bizitu duzue zuek, Urumea bai­larako herritarrok, 2020a?

Zuen testu eta argazkiak jaso nahi ditugu, erakutsiz nolakoa izan den urtea zuentzat. Bidali kronika@kronika.eus helbidera, posta elektronikoz; edo entrega­tu Kronikaren bulegoan (Larra­mendi 11, behea).

Jasotako testu guztiak argitaratuko ditu Kronikak, papereko edizioan zein kronika.eus web orrian, urteari errematea jartzeko, abenduan zehar.

Zer behar dugu horretarako?  Nahi duzuen luzerako testu bat, urtea nola bizitu duzuen kontatuz: orri osokoa izan daiteke (7.000 karaktere inguru), orri erdikoa (3.000 karaktere), edo nahi izanez gero, luzeagoa edo laburragoa ere bai! Testuarekin batera, argazki bat (edo gehiago!) ere jaso nahi ditugu, aurtengo momenturen bat islatuko duena, kontakizunari laguntzeko. Eta noski, jarriozue izenburu bat ere, zuen urteari!

Herritar, familia, koadrila, auzo elkarte, talde, elkarte zein enpresak, kontalari

Bakardade momentuak bizi izan ditugu pandemiaren eraginez, baina laguntzarik ere ez dugu falta izan, une gogorrenei aurre egiteko. Ondoan izan ditugu senideak eta lagunak, baina baita beste batzuk ere. Auzo batzuetan, bizilagunek elkarrekin egin zioten aurre konfinamenduari, balkoietatik mota guztietako ekintzak antolatuz. Beste batzu­ek, pandemiaren garai lasaiagoetan, elkarte edo taldeetan bilatu dute pandemiaren egunerokotik ihes egiteko aukera.

Horregatik, guztiak izan daitezke 2020aren kontalari. Herritar batek bere urtea nolakoa izan den kontatu dezakeen bezala, familia oso batek ere kontatu dezake, nolakoa izan den bere urtea. Edo koadrila batek, nola bizitu duen lagunak ezin elkartzearena, eta nolakoa izan den gero berriro elkartzea. Baita auzo elkarteek, taldeek eta elkarteek ere, zein zailtasun izan dituzten, zer suposatu duen urteroko ekintzak bertan behera utzi behar izateak, zein alternatiba bilatu dituzten... Edota enpresek eta langileek, ostalariek edota merkatariek, zein zailtasun izan dituzten pandemiak eragindako krisiarekin, nola bizitu duten barrutik... Badira, era berean, pandemiaren aurreneko aste edo hilabeteak etxetik urrun bizi zituztenak, kanpoan ikasten edo lanean ari zirelako, oporretan harrapatu zituelako...

Pandemiak hamaika egoera ezberdin eragin ditu, eta horiek bildu nahi ditugu, zuen hitzetan eta ahalik eta aniztasun haundienarekin kontatzeko 2020 urteak eman eta kendutakoa.

Beraz, animatu zuen kontakizuna idaztera! Pandemia hasi zenetik, herritar eta talde askoren testigantzak jaso ditu Kronikak; baina zuena, beste guztiona, falta zaigu. Eta zuek ere badaukazue zer kontatua!

Idazteko erraztasuna edo zailtasuna, behintzat, ez dadila oztopo izan horretarako. Kronika arduratuko da testuak zuzentzeaz eta, hala behar izanez gero, baita itzultzeaz ere. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!