Deskontu bonuak

Deskontu zuzenak eskuratzeko aukera eskaini dute Hernanin eta Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 12a, 00:00
Hernaniko Berriak elkarteko arduradunak, kanpainaren aurkezpenean.

Hernani Txartelarekin deskontu zuzenak lortzeko aukera dago herrian, azaroaren 28ra arte. Astigarragan, deskontu bonuen ekimena ere abian da, merkataritza jarduera bultzatzeko eta bertako kontsumoa sustatzeko.

Ekin dio Astigarragako Udalak, deskontu bonuen ekimenaren bigarren edizioari, COVID-19ak tokiko ekonomian eragindako kalteei aurre egiteko. Herritarrek, diru kopuru baten truke, herriko komertzioetan gastatzeko­ des­kontu bonuak eskuratuko­ dituzte. Bonu horien balioa, or­daindutakoarena baino %30 ha­undiagoa izango da, eta beraz, herritarrek ordaindutakoa baino diru kopuru haundiagoa izango dute komertzioetan gastatzeko. 

Hernanin ere, asmoa bera da: «merkataritza jarduera bultza­tu eta herritarren kontsumoa sus­tatu nahi ditugu, kanpainarekin», azaldu dute Berriak merkatari eta ostalarien elkartekoek. Hernani Txartelaren kanpaina berria jarri dute martxan, eta azaroaren 28ra arte dago hori erabiltzeko aukera. «10, 20 eta 50 euroko deskontu zuzenak banatuko dira, Hernani Txartela erabiltzen duten bezeroen artean».

100 sari banatuko dira azaroan, Hernaniko zortearen erruletan

Osasun egoera zailean egonda eta segurtasun neurri zorrotzak bete behar direla jabetu arren, tokiko negozioetan kontsumoa babesten jarraitzea ere funtsezkoa dela uste du Hernaniko Udalak. Horregatik antolatu ditu zenbait ekintza, #izanaktibista kanpaina berpizteko, Berriak elkartearekin elkarlanean. Horrela, udan garatutako dinamikari eta zozketei jarraipena emango zaie, baina oraingoan, dendetan jarriko dute arreta.

Azaroko hiru larunbatetan (14, 21 eta 28), 10:00etatik 13:00etara, zortearen erruleta jarriko dute udaletxeko arkupeetan, zuzeneko 100 sarirekin (sariak bukatu arte). Jokoan parte hartzeko, tirada bat egin ahal izango dute erruleta batean, aste horretako ostegun, ostiral eta larunbatean, Hernaniko dendetan erosketak egin dituzten kontsumitzaileek. Horretarako, erosketen tiketak erakutsi beharko dituzte. Gutxienez, 60 euroko gastua egin beharko da (tiket bat baino gehiago batu daitezke).

Tiketak egiaztatu, erruletan tirada egin, eta ekimena dinamizatzeko lanak bi pertsonek egingo dituzte, eta haiek, beharrezko neurriak hartuko dituzte, dinamikan parte hartzen dutenen artean segurtasun-distantziak bermatzeko.

Hortaz, erruleta hiru larun­batetan aterako da kalera.  Azaro­aren 14an, 12, 13 eta 14ko tiketak onartuko dira; azaroaren 21ean, 19, 20 eta 21eko tiketak; eta azkenik, azaroaren 28ko erruletan, 26, 27 eta 28ko tiketak onartuko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!