Bizilagunak ekimenaren 7garren edizioa martxan da, «distantzian ere, gertu»

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 11a, 00:00
Joan den urtean Bizilagunak ekimenean parte hartu zuten herritarrak, Plazan.

Beste urte batez, Hernani izango da ekimen honetako kokalekuetako bat. Azaroaren 29an emango diote hasiera dinamikari, baina aurten online izango da, «egoerak hala eskatu duelako», azaldu dute Amherreko kideek.

Gipuzkoako SOS Arrazakeriak Bizilagunak ekimenaren 7garren edizioa aurkeztu du, COVID-19ak eragindako testuinguru berrirra egokitutako formatuarekin. Azaldu dutenez, proposamen berria da «azken urteetan proiektuan parte hartu duten migratzaileen ahotsak eta beharrak entzutetik abiatzea, baina baita normaltasun berriak eskatzen dituen baldintza berrietatik ere». Ekimenak Hernanin izango du kokalekuetako bat, beste behin. Horregatik, Amherrek parte hartzeko deialdia luzatu du.

Gipuzkoako SOS Arrazakeriak jakitera eman duenez, martxoko konfinamenduan eta alarma-egoeran,  txosten diagnostiko bat egin zuten. Bizilagunak ekimenean parte hartzen zuten migratzaileen konfinamenduan eta deseskaladan izan zituzten zailtasun eta behar nagusiak bildu zituzten bertan, «elkarrizketa sakonen bidez». Ekimen honekin «auzotartasunetik aurrera elkartzeko eta elkarri laguntzeko harremanak suspertu behar dira, are gehiago zailtasun-uneetan».

 

Aurten online egingo da

Edizioa azaroaren 29an izango da. Gipuzkoa Solidarioa galarekin emango dioete irekiera, arratsaldeko 17:00etan. Amherreko kideek adierazi dutenez, «orain arte etxeetan eta Atsegindegin egin badugu ere, aurten ezinezkoa izango da eta, beraz, online formatuan egingo dugu».     Gipuzkoako SOS Arraza­keriak gehi­tu du aurten «inoiz baino be­ha­rrezkoagoa» dela ekimena aurrera eramatea, «sare eta bakardade faltagatik». Hori horrela, aurrez-aurre egiterik ezin bada, Interneten bidez edo telefonoz Bizilagunak dinamikak familia autoktonoen eta migratzaileen arteko harremanak sustatzen jarraituko du. Alegia, esperientziak partekatzeko fisikoki elkartu beharrean, Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren Youtubeko kanalean egingo da, Facebooken eta Instagramen emandako zuzeneko baten bidez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!