Etsita eta haserre, bailarako ostalariak

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 10a, 00:00
Bezero bat eramateko hiru menu jasotzen, atzo eguerdian, Akelenea jatetxean.

Itxita ageri dira larunbatetik, Urumea bailarako taberna eta jatetxeak; eta zenbaitek eramateko zerbitzua dagoeneko martxan jarri badute ere, gehienek ez dute bideragarri ikusten, aukera hori.

Mahaiak eta aulkiak kanpoan pilatuta eta pertsianak jaitsita ageri ziren atzo, Urumea bailarako jatetxe eta taberna gehienak. Baina oraingoan, astelehena be­ra­ien jaieguna izatea ez zen arra­zoia. Horrelaxe egon dira aste­bu­ru­an ere, Eusko Jaurlaritzak de­kre­tua argitaratu ondotik, ostalaritza ixteko agindu baitzuen.

Baimenduta daukatena da, etxera eramateko otorduak prestatzea. Eta aukera horri heldu diote, bailaran bertan, zenbait jatetxek. Hernanin, Errioguarda ari da prestatzen eramateko menua, esaterako; Astigarragan, Akeleneak ere eskaintzen ditu eramateko otorduak; eta Goizuetan, Izkina jatetxeak banatuko du janaria etxez etxe, edo bertan jasotzeko prestatu.

Baina gainerakoan, inork gutxik ikusten du bideragarri, aukera hori; are gutxiago tabernetan. Sarrerak baino, haundiagoak izango lituzkete gastuak, kasu horretan, azaldu dutenez.

Bizi duten egoerarekin eta hartu diren neurriekin haserre eta etsita agertu dira ostalariak, aldarrikatuz kutsatzeen %2,3 bakarrik gertatzen dela taberna eta jatetxeetan.


 

«Sutan gaude, gehiegizkoak izan dira ostalaritzan ezarritako neurriak»

TRIPONTZI
Ostalaritza «sutan» dagoela azaldu du Tripontzik, «jarri dituzten neurriak gehiegizkoak» izan direla argudiatuz, «tabernentzat jarritako neurriak gogorregiak izan dira, beste hainbat lekuetan ez dituzte hain erabaki bortitzak hartu». 

Tripontzik dio, hainbat arazo sortzen dituela itxiera honek, «alde batetik; langileak. Hauek ERTEAn sartzen dira, ehuneko ehunean, eta oraindik ez dakigu martxoan bezala izango den, hau da, ez dakigu Gizarte Segurantzatik diruz lagundua izango den edo ez». Tripontzik jakinarazi du, ERTEak, diruz lagunduak izaten badira, «gastua asko jaisten dela». Eta beste aldetik, lokalaren gastuak ere aipatu ditu, hala nola, «alokairua, argi indarra, seguruak... Izan ere, gastu hauek guztiak berdin-berdin ordaindu behar ditugu, eta ingresorik gabe, guztira, 1000 edo 1500 euro artean izaten dira taberna baten gastuak, gutxi gorabehera». 

Oraingoz, tabernek, gastu hauek estaltzeko diru laguntzarik ez dute jaso, «ez dakit nola kudeatzen den hau guztia, baina guregana ez dira iritsi. Euskoa Jaurlaritzak jarritako diru laguntza horietatik, hemen inguruan behintzat, inork ez du jaso, ez dugu dirurik ikusi». 

Tripontzik «beldurra duela» azaldu du, «beldurra dugu, datorren urtera arte iraungo duela uste dugulako. Azkenean ERTEak, datorren urteko urtarrilaren 31ra arte daude aprobatuak. Eta hori zerbaitengatik da, uste dugu, datak ez direla kasualitatea». 

Azken hilabeteetako egoera, «zaila» izan da, batez ere ostalaritzan, eta Tripontzik, hainbat aldaketa egin ditu plantilan, «azkenean ordu kopuruak gutxitu egin ditugu, tabernaren ingresuek behera egin dutelako, eta gastuek gora». 

Tripontzik, argi dauka, oraingoz ez duela etxera eramateko zerbitzurik jarriko, «enpresa aktibo eduki behar duzu, guk ere, argindarra gastatzen jarraituko dugu, eta ateratzen denak, ez ditu gastuak konpentsatzen». 


 

«Autobusak beteta doaz, eta hor ez dago neurri gogorrik»

AITAN-ETXE
Aitan-Etxek dio, bere egoera ez dela hain txarra, «beste asko okerrago daude. Azkenean taberna honen jabea naiz eta horrek bere alde ona badu». Hala ere, jakinarazi du, ez dela egoera erraza, inorentzat. 

Argi dauka Aitan-Etxek, «foko nagusi gisa» hartu dituztela tabernak, eta azaldu du ez dela horrela, «taberna askok bete ditugu neurriak, eta irakurri dut, enpresetan eta garraio publikoetan kutsatze kopuru gehiago daudela. Hala ere, tabernak itxi dituzte». 

Aitan-Etxek, gastuak ordaintzen jarraitu behar du, «beste tabernen antzera, ingresorik ez, baina gastuak bai, eta hori ez da justua». 

Gainera, momentuz, dirulaguntzarik ez dagoela ziurtatu du Aitan-Etxek, «ERTEarein egon dira, baina gainontzean, oso gutxi, eta oso baxuak izan dira». 
Gutxienez, hilabete bat iraungo duela dio, «abenduko zubia pasa eta gero beharbada irekiko dira tabernak. Gabonak salbatu nahi dituzte. Egingo duteda da gabonetarako dena berriro ireki, denak kalera ateratzeko, denek kontsumitzeko, eta gero behin hauek pasata, berriro dena itxi egingo da». 

Aitan-Etxek itxita mantenduko ditu ateak, ez du etxerako zerbitzurik eskainiko, «niri ez dit merezi, gainera denok egiten badugu, okerrago izango da. Gutxi batzuk eginez gero, horiek behar bada bai irabaziko dutela zerbait, eta nik ez daukat asmorik».

Orain arte, «jende gutxi» ibili dela azaldu du Aitan Etxek, azkenean «jendeari beldurra sartu zaio, eta taberna asko ez dira topera egon, aforoarekin kontrolatu dugu egoera. Autobusak beteta joaten dira, eta hor ez dago neurri gogorrik». 

 

 

«Kutsatu zaitezke edonon, zentzugabekeria bat da hau dena»

IKATZA
Astigarragako Ikatza tabernak «etsita» dagoela azaldu du, «ez genuen espero egia esan, gainera bat-bateko erabakia izan da, egun batetik bestera pasa ziguten abisua, ez digute gure egoera aurreikusteko denbora utzi». 

Ikatzak dio, neurri bat hartu baino lehen, «bideragarritasun plangintza bat egin beharko litzatekela.  Neurriak hartu behar dira, baina proiektu batekin, hau da, zuk zerbait erabakitzen duzunean, jakin behar duzu ondorioak ekarriko dituela, eta hortan ez dute pentsatu, ez dute planifikatu zer egin dezakegun tabernariek». 

Tabernen itxialdialdiak, gabonak arte iraungo duela uste du Ikatza tabernak, «gabonetan ireki egingo dituzte, jendea aztoratuta tabernetara joango da, eta urtarrilean berriro ere kontu berdinarekin egongo gara». 

Oraingoz, Ikatzako plantilak berdin jarraitzen du, hala ere, egorak modu honetan jarraitzen badu, jakinarazi du, langileak jakinaren gainean daudela, «eta badakite zer etorriko den. Azkenean kanpoan ez badira gauzak aldatzen, taberna barruko egoera bai aldatuko dela». Pandemia honek eta itxiera honek, ordu jaitsierak eta soldata jaitsierak ekarri ditu Ikatzara, «egoera honekin ezin dugulako gehiagorik egin» dio Ikatzak. 

«Inkoherentziazko» neurriak hartu dituztela dio Ikatzak, «uste dugu tabernetan neurriak bete direla, beste hainbat eremuetan baino gehiago. Joaten zara enpresa haundietara, eta egoera barregarria da, ez baitira neurriak betetzen. Hala ere, ikusten dugu arazoa ez dagoela tabernetan, kutsatu zaitezke edonon». 

 

«Komertzio txikiari mesedea egin beharrean, kaltea egiten ari dira»

OINDI
Oindik «tabernak kriminalizatu» dituztela dio. Honekin batera, aipatu du, garraio publikoa, eta superfizie haundiak, «Urbil adibidez» jendez beteta egoten dela. «Badirudi soluzio errazena dela tabernak ixtea». 

Diru laguntzarik ez dute jaso Oindi tabernan, «esan ziguten dirulaguntza batzuk jasoko genituela, baina ez da horrela izan, ez dugu ezer jaso. Hori bai, zergak, berdin-berdin ordaindu behar ditugu, hau da, argindarra, alokairua…». 

Oindiren ustez, tabernen itxialdi honek gabonak arte iraungo du, «gabonetan ireki egingo dituzte, denak kalera aterako gara, eta gabonak pasa ostean, berriro itxi egingo dute ostalaritza». 

Oraingoz ez du eragin haundirik izan egoera honek, Oindiko plantilan, «printzipioz ez, hala ere ikusteko dago, egoera ez baita batere erraza». 

Etxera eramateko zerbitzurik ez dute eskaintzen Oindin, «ez dakizu jendeak deituko duen edo ez, ez dakizu zenbat genero erosi. Azkenean egingo duzu lana, eta alferrik izango da. Ez zaigu oso fiablea iruditzen, beraz, etxez-etxeko zerbitzurik ez eskaintzea erabaki dugu». 

Oindik argi du «interes batzuk daudela tartean. Interes horiek dira, jendeak lanera joan behar duela bai edo bai, garraio publikoa beteta eta zentro haundiak beti irekita daude. Komertzio txikiari mesedea egin beharrean, kaltea egiten ari dira».

 

 

«Lana egin nahi dut, behar den bezala, eta egoerak ez digu uzten»

AKELENEA
Akeleneak egoera zaila dela azaldu du, «lana egin nahi dut, behar den bezala, eta egoerak ez digu uzten». 

Akeleneak, egoera honi aurre egiteko, etxera eramateko zerbitzua jarri du, «merkeagoa jarri dugu, jendeak etxean egon behar du, batzuk konfinatuta daude, eta aukera hori eman nahi genuen, etxera eramateko zerbitzua eskaini». 

«Hilabete bateko kontua» dela azaldu du Akeleneak, «interesatzen zaie, gabonetarako dena irekitzea, eta behin hauek amaituta, berriro ixtea ostalaritza». 
Aldaketak ekarri ditu Ake­le­nean ere egoera honek, «langile bat ERTEan daukagu, ezin du­gu­la­ko ordaindu, ez baitaude nahi­koa ingreso». 

 

 

«Ezjakintasuna, oraingo egunerokotasuna»

ERRIOGUARDA
Errioguardak dio «kalte haundia» ekarri duela itxiera honek, «eskatu diguten horretara egokitu gara taberna eta jatetxeak, eta ez da gutxi. Asko mugatu digute orain arte, aforoa kontrolatzeko esanez, eta orain berriz taberna ixteko aginduz». Beste sektore askotan lanak aurrera jarraitzen du, eta hortaz kexatu da Errioguarda, «pozten gara beste hainbat sektorek aurrera jarraitzea, baina tabernak ixtea ez da batere justua. Lehenengo olatuan ostalaritzak asko sufritu zuen, eta orain ere hala tokatzen da». 

Dirulaguntzez ere jardun du Errioguardak, «Eusko Jaurlaritzak aipatu du laguntzak izango direla, baina ez dakigu ezer hauei buruz; ez dakigu nolako laguntzak izango diren, ez dakigu helduko zaizkigun, ez eta zenbateko laguntzak izango diren…». 

Errioguardak, «ezjakintasuna» dutela azpimarratu du, «eta horrez gain, etorkizuna nahiko iluna ikusten dugu, ez naiz negatiboki ari, errealitate batetik ari naiz». Plantilan aldaketak egon dira Errioguardan ere, «beste hain­bat tabernen antzera, azkenean egoerak, soldatak jaistea eragiten du, lanorduak gutxitzea...»

Etxera eramateko zerbitzua eskaintzen du Errioguardak, eta hala jarraitzeko asmoa dauka, «orain arte emaitza ona izan du eta eskertuta gaude. Asteburuetan batez ere ondo ari gara lanean, hilabete bat daramagu honekin. Hala ere, zerbitzu hau zabaltzeko, denbora gehiago behar dugu, berriak baikara honetan».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!