Futbolik ez da egongo asteburu honetan

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 7a, 00:00

Euskal Ligako neska hernaniarrak dira jokatzeko aukera duten bakarrak, baina atsedenaldia egokitzen zaie asteburuan. 

Errugbiko eta boleiboleko taldenagusienekin batera konpetizioa gelditu ez duen beste taldea Euskal Ligako Hernaniren nesken taldea da. Fernando Molinak zuzentzen duen taldeak Liga jokatzen jarraitzen du, baina asteburu honetan ez du partidurik jokatuko. Atsedena du egutegiaren arabera. A multzoan ari dira jokatzen eta multzoa bederatzi taldek osatzen dute. Astero-astero batek hartuko du atseden. Hernanik, lehenengo jardunaldian 10-1 galdu eta gero Athletic-en aurka, atseden hori egitea egokitu zaio. 

Bestetik, Hernanin, erabaki dute entrenamenduak nola antolatu. Ordutegiak aldatuko dira eta maiztasun gutxiago izango dute. Honela, neska nagusiek hiru entrenamendu egingo dituzte astean. Beste guztiek bi entrenamendu egingo dituzte. Lehen zeuzkaten egunak egunak errespetatuko dira eta denbora laburtuko da. Prestakuntza saioak 17:00etatik 21:00etara egingo dira. 
Mundarron ere murrizketak egin beharko dituzte entrenamendu saioetan eta bai Zarkumendegin eta baita Zubipen ere maskarila derrigorrezkoa izango da entrenatzeko garaian. 

Gogoratu behar da Hernani eta Mudarroko taldeek jokatzen dituzten txapelketa guztiak bertan behera daudela geratuta. Ohorezko Erregionaletik hasi eta beheko talde guztietara arte ez dira ari jokatzen azken hiru asteetan. 

Orain sortu den kezka eta arazo haundiena da denboraldia jokatzerik eta batez ere amaitzerik egongo den ala ez. Abenduan berez geldialdia izaten da eta hilabete eta bi aste geratzen dira horretarako. Ikusirik hilabete amaiera arte ez dela jokatzerik egongo eta ondoren ere geldialdia egongo dela, jaien ondorioz, egutegia betetzea zaila ikusten da. Denboraldiko egutegiak egin zirenean murriztu ziren partiduak, baina hala ere justu antzean ibiliko dira amaitzeko, gauzak ongi badoaz. Zerbait okertzen bada ez da datarik egongo behar bezala bukatzeko eta bigarren urtez jarraian denboraldia amaitu gabe gera daiteke, horrek sortuko duen kaltearekin. 

Profesionalak jarraituko dute normaltasunez

Arazorik, oraingoz, ez dutenak geldialdiengatik profesionalak eta semiprofesionalak dira. Bailarako jokalariak eta entrenatzaileak badaude talde desberdinetan banatuta. Realean,  Luis Llopis atezainen entrenatzaile hernaniarra eta talde osoa, lan ezi hobea egiten ari dira eta astean bi partidu jokatzen ari dira. Datorren astean selekzioen geldialdia izango du taldeak, baina entrenamenduak jarraituko dute. 

Real Union taldean dabil aurten Gorka Kijera, sei urte ondoren, Mirandes utzi eta gero. Asteburu honetan Laredon jokatuko dute denboraldiko bigarren partidua lehenengoa irabazi eta gero.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!