Neurri berriek kezka haundia sortu dute taldeetan

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 7a, 00:00
Mundarro eta Hernaniren arteko partidua pasa den denboraldian jokatu zuten.

Bailaran profesional edo semiprofesional talde oso gutxi daude eta kirol konpetizio ia denak bertan behera geratu dira.

Eusko Jaurlaritzak ostegunean, kirolari dagokionez, ezarri dituen neurri berriak kezka sortu du bailarako talde eta kirolari desberdinetan. Dekretu berriak ondorengoa dio. «Debekatuta egongo dira; kirolari dagokionez, taldeko edozein jarduera eten egingo da, ez bada kirol profesionala edo erdi profesionala; debekatuta egongo da kirol jarduera horiek ikustera joatea; gimnasioetan, kirol klubetan, igerilekuetan eta kiroldegietan ikastaroak egin ahal izango dira, betiere maskararekin egiten badira, gehienez sei laguneko taldeetan eta %40ko edukierarekin». Musukoa gainera derrigorrezkoa da.

Kirol instalakuntzak irekita

Alde batetik lasaitasuna ere izan zuten, neurri berriak ez baititu kirol instalakuntzak ixten. Horrek kirola egiteko aukera eskaintzen du, baina era berean konpetizio ia dena bertan behera geratu da; Hernani, Astigarraga eta Goizuetako talde ia denak ez baitira profesional edo semiprofesional. 
Hernanin kirol profesionala edo semiprofesionala kontzeptua errugbiko talde nagusiari bakarrik dagokio eta beraz Ohorezko B mailako taldeak bere entrenamendu eta partiduekin orain arte bezala jarrai dezake.  Euskal Ligako boleibol eta futbol taldeek ere denboraldia ez dute eten eta jokatu dezakete. Hernanik bi talde ditu maila horietan. Beste talde guztiak bertan behera dituzte euren txapelketak. Mundarroko talde guztiak, kirol guztietan, eta Hernaniko beste talde guztiak etenda dituzte txapelketak. 

Gainera talde bezala ezingo dute entrenamendurik egin, baizik eta sei laguneko taldeetan gehienez egin ahalko da kirola. Horrek esan nahi du talde guzti horiek moldatu egin beharko dituztela entrenamendu saioak protokolo berrira. Egoera honetan aurkitzen dira boleibol, saskibaloi, futbol, errugbi, waterpoloa, arrauna eta eskubaloi talde ia denak gure bailaran.

Arduradunak kezkatuta daude honek etorkizunean izango duen eraginean. «Kirolari eta kirolari gazteei kalte ikaragarria egiten zaie. Ez dakigu etorkizunean zer gertatuko den. Agian jende askok kirola egiteari utziko dio. Gero ere kontuan hartu behar da aurreko denboraldia ez zela amaitu eta aurten ere zaila izango da denboraldia amaitzea dauden atzerapenekin. Kaltea haundia da. Honi buelta emango zaion ez dakigu. Zer motibazio izan dezake kirolean hasi nahi duen batek edo kirolean dabilen batek?».

Pelotariak entrenatzen jarraituko dute, nahiz eta ez partidurik jokatu

Pelotan ere egoera berean daude. Euskal Herriko partidu guztiak bertan behera geratu dira, modalitate guztietan, profesionalak ez beste. Hala ere, oraindik entrenatzen jarraitu dezakete, beti ere sei pertsonako taldeetan gehienez. 

Erremontea da salbuespena Hernanin. Profesionalki jokatzen da Galarretan eta orain partiduak eten badira ere, espero da hilabete bukaera aldera berriz ere  jaialdiak hastea, Binakako Txapelketarekin. 

Esku pelotan Aimar Olaizola eta Iker Salaberria goizuetarrak profesionalak dira eta jaialdietan jokatu dezakete, baita entrenatu ere inongo arazorik gabe. 

Banakako kirolak geldirik eta entrenamenduak talde txikitan

Arlo honetan sartu daitezke txirrindularitza, atletismoa, igeriketa, mendi-lasterketak, motokrosa eta abar luze bat. Entrenamenduak jarraituko dute, baina konpetiziorik oraindik ez da antolatu. Txirrindularitzan denboraldia amaitu berri da, baina igeriketan adibidez otsailetik ez da txapelketarik antolatu Gipuzkoan eta bide beretik jarraituko du. Entrenamenduak ere egokitu egin beharko dituzte talde txikiagotara. 
Atletismoan eta txirrindularitzan pista denboraldiak eta kross denboraldiak hastear ziren. Oraingoz ez dira antolatuko. Eta gogoratu behar da konpetizioko kirola ez dena musukoakin egin behar dela derrigorrez

Ehiza eta arrantza

Ehiza eta arrantza baimenduta dago, betiere pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-distantzia errespetatzen bada.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!