Koronabirusa

Orain arteko murrizketak zorroztuko dira EAEn, gaurtik

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 7a, 00:00
Herritar bat gel hidroalkoholikoarekin, Hernaniko baheketa batean

8 neurri zehatz aurkeztu zituen Urkulluk herenegun egindako agerraldian, azaro osora zabaltzeko aurreikuspenarekin.

Pandemiaren bigarren olatuan positiboen kopuruak nabarmen egin du gora. Hori horrela, EAEko eta Nafarroako gobernuek neurri murriztaileagoak ezarri dituzte beraien lurraldeetan. Nafarroan duela bi aste pasa ezarri zituen neurriak, eta beste bi asterako luzatu zituzten asteazkenean. Aranoarrek eta goizuetarrek, beraz, 14 egun gehiagotan bete beharko dituzte ezarritakoak. Aholkatu diete etxe bereko kideekin elkartzeko soilik, eta bilkura horiek gehienez 6 lagunekoak izan behar dira. Horretaz gain, ezin dira Nafarroatik irten, eta ostalaritza itxita dago. Bere aldetik, EAEn ez dira neurri murriztaile berdinak ezarri, baina gogortu egin dituzte bete beharrekoak.

 

Aurreratu egin da etxeratze agindua, gaueko 22:00etara

Helburua da gabonetara ahalik eta baldintza onenetan iristea. Horregatik, herenegun egindako agerraldian, Iñigo Urkulluk orain arteko neurri zorrotzagoak izendatu zituen, eta gaur sartuko dira indarrean. Zehazki, 8 izan ziren Eusko Jaurlaritzako lehendakariak zerrendatu zituen neurriak.

Batetik, pertsonen zirkulazio askatasuna murriztuko dute. Hala, ba,  orain indarrean dagoen etxeratze agindua 22:00etatik 06:00etara mugatuko dute. Halaber, jarduera sozioekonomikoen ordutegia ere txikitu egingo da: farmazia eta gasolindegiek izan ezik, gainerako merkataritza establezimenduek 21:00etatik aurrera itxi egin beharko dute.

Horretaz gain,  kultur jardu­eretako aforoa %35ekoa izango da gaurtik aurrera. Gainera, kultura jarduera edo ikuskizun guztien emanaldiek 21:00etarako amaitu beharko dute, eta profesionalak ez diren entsegu kolektibo guztiak debekatuta egongo dira. Kirolari dagokionez, taldeko edozein jarduera eten egingo da, ez bada kirol profesionala edo erdi profesionala. Halaber, debekatuta egongo da kirol jarduera horiek ikustera joatea.

Neurri horiez gain, joko eta apustu etxeak itxi egingo dira, eta garraio publikoan mugitzeko ordutegia 22:30ean etengo da.

 

Ostalaritza itxita, hilabetez

Ezarritako beste neurrietako bat ostalaritzari eragiten diona da. Taberna eta jatetxeek itxita egon beharko dute. Edonola ere, jatekoa etxez etxe banatzeko aukera egongo da, betiere 21:00ak arte.

Ostalaritzak kolpe latza jaso du, baina aurrera egiten ahalegindu dira eta horretan daude. Hernaniko Errioguarda jatetxeak, adibidez, eramateko menua prestatzen du egunero 10,5 euroan. «Gogorra izan da azken berri hau ere, baina guk aurrera jarraituko dugu: eramateko menua prestatzen jarraituko dugu eta nobedade moduan, bila etorri ezin duenari guk eramango diogu etxera. Prest gaude behar duten bezeroei aukera hori eskaintzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!