Egun osoko greba egitera deitu dituzte gaur, Gipuzkoako Osakidetzako langileak

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 5a, 00:00

Irailaren 18an, protesta egin zuten Hernaniko anbulatorioko langileek.

Bederatzi sindikatuk egin dute greba deialdia, eskatzeko irtenbideak martxan jartzea, «osasun publikoaren etorkizuna bermatu eta profesionalak errespetatuko dituztenak».

24 orduko greba egitera deitu dituzte gaur, Gipuzkoan, Osakidetzako langile guztiak. Bederatzi sindikatuk egin dute bat, deialdia zabaltzeko: CCOO, ELA, ESK, LAB, SAE, SATSE, SME, UGT eta UTESE. «Premiazkoa da hitzetatik ekintzetara pasatzea, eta martxan jartzea osasun publikoaren etorkizuna bermatu eta profesionalak errespetatuko dituzten irtenbideak», diote.


Eta gaineratu dute: «pandemiaren bilakaeraren ondorioz, egunetik egunera ari da larraigotzen, osasun zentroetan eta ospitaleetan bizi den egoera; eta bitartean, Osasun Sailak ez digu dei bakar bat ere egin, ezta neurri bakar bat mahai gainean jarri ere, Osakidetzak pairatzen dituen egiturazko arazo larriak arintzeko». Horregatik, kontzentrazioak egin zituzten atzo, Araba eta Bizkaiako osasun zentroen atarietan; eta greba egingo dute gaur, Gipuzkoan. Grebarekin «masiboki» bat egiteko deia egin diete Osakidetzako langileei: «gure osasun publikoaren etorkizuna dago jokoan». Grebak eragina izango du Astigarragako eta Hernaniko anbulatorioetan.


Sindikatuek salatu nahi izan dute, «Osakidetzako plantillaren egoera kezkagarria. Egoera hori larriagotzen ari da, eta horren ondorioak, langileek ez ezik, herritarrek ere jasaten dituzte. Argi eta garbi esan dezakegu, aurreneko konfinamendua igaro ondoren, Osakidetzak ez duela plangintza egokirik martxan jarri, ezta birusaren berrogeialdiei bermeekin aurre egiteko beharrezko errefortzuak ere».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!