Gazte Plana osatzeko prozesua jarri du martxan, prebentzio zerbitzuak

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 3a, 00:00

Datozen hilabeteotan idatziko dute, eta 12-30 urte bitarteko gazteen partaidetza bilatuko du LAGA Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. «Aurreneko fasean, garrantzia berezia hartuko du gazteei zuzendutako online galdetegiak», nabarmendu dute. Helbide honetan bete daiteke: labur.eus/gazteplana.

Eskualdeko Gazte Plana idatziko dute datozen hilabeteotan, Leitza, Areso, Goizueta eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak bultzatuta. Zehazki, prebentzio zerbitzuak eramanen du prozesua aurrera, eta lau herrietako gazteen «partaidetza zuzena» bilatuko du; 12-30 urte bi­tartekoena, hain justu. Udaletako langileekin elkarlanean osatuko dute Gazte Plana, haiek ahaleginduko direlako gero, antzematen diren beharrei erantzuna ematen.

Aurreneko fasean, diagnostikoa eginen dute, eskualdeko gazteen errealitatea ezagutzeko: «fase honetan garrantzia berezia hartuko du gazteei zuzendutako online gadetegiak», nabarmendu dute. Azaroaren 22ra arte izanen da galdetegia betetzeko aukera, interneten, helbide honetan: labur.eus/gazteplana. 16 eta 30 urte bitarteko gazteei da­­go zuzenduta galdetegi hori, ano­nimoa da, eta erraz betetzeko modukoa. «Horregatik, deia luzatu nahi diegu 16 urtetik gorako gazteei, bere ekarpena egin dezaten, galdetegia beteta».

Izan ere, adin horretatik be­herakoek, 12-16 urte bitarteko gaz­teek, institutuan izanen dute aukera, galdetegia betetzeko.

Hainbat gazteri elkarrizketak, hurrengo fasean

Diagnostikoaren ondoren, hurrengo faseari emanen diote hasiera. Eta horretan, ekintza plana definitzeko urratsak emanen dituzte, gazteekin eta udal lan­gileekin batera.

Fase horretan, hasteko, elkarrizketak eginen dizkiete hain­bat gazteri. Eta ondoren, jasotako proposamenak landuko di­­tuzte, Udaletako langileekin.

Azkeneko fasean, bilera irekiak egitea planteatzen zuten, baina ez egitea erabaki dute azkenean, COVID-19aren aurkako prebentzio neurri gisa. Horregatik, egokitu egin dute azkeneko faserako metodologia.

Prozesuari buruzko informazioa, eskuragarri dago Udalen webguneetan, eta LAGA Gizarte Zerbitzuen sare sozialetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!