Santu Guztien eguna dela eta, neurriak jarri dituzte Urumea bailarako hilerrietan

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 1a, 00:00

Goizuetako hilerrian, gehienez 4 laguneko taldean sartu beharko da.

Gaur ospatuko da, urtero moduan izan ez arren, Santu Guztien eguna. Covid-19a medio, neurri bereziak jarri dituzte Urumea bailarako hilerrietan, Hernani, Astigarraga eta Goizuetan, hain zuzen. 

Ohiturei jarraituz, gaurkoan, Santu Guztien eguna ospatuko da, hala ere, ez beti ezagutu dugun gisara. Izan ere, tradizioa izaten da, gaurko egunean hilerrira joan, hildakoen hilobiak bisitatu eta loreak uztea. Baina bizi dugun osasun alarma honen eraginez, Hernani, Astigarraga eta Goizuetako Udalek, hainbat neurri ezarri dituzte, «hilerrietan pilaketarik ez sortzeko».


Urumea bailarako Udalek, 
ezarritako neurriak 
Udalek, erabaki dute hilerrietako aforoak mugatzea, eta horrez gain «sarrerak eta irteerak kontrolatuko dira». Taldeen edukierari dagokionez, Hernanin eta Astigarragan, «gehienez 6 pertsona batera elkartu ahal izango dira», eta Goizuetan berriz, «4 laguneko taldea». 
Pertsonen arteko distantziak errespetatu beharko dira, eta hilerri guztietan erabili beharko da maskarilla. Goizuetan, gehienez, 40 laguneko edukiera izango da, hau da «40 lagun egon daitezke aldi berean». Astigarragako hilerrian, 150eko edukiera ezarri dute. 
Goizuetako Udalak dio, norabide bakarrean ibili beharko dela, «gezien norabidea jarraituz». 
Hilerrian egoteko iraupenari dagokionez, Hernaniko eta Astigarragako Udalek, ordubeteko muga ezarri dute. Eta Astigarragako hilerriaren ordutegia honakoa da, goizeko 09:30etatik eguerdiko 14:30etara, eta 15:30etatik, 18:30etara.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!