AEK euskaltegia

Errigora ekimenaren saskiak dagoeneko eskatu daitezke azaroaren 12ra arte 'errigora.eus'-en

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 30a, 00:00

Saski beltza, saski berdea eta saski zuria daude. Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzara bideratzen da sakien balioaren %25a.

Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen Errigora ekimenak abian jarri du jada udazkeneko kanpaina. Nafar hegoaldeko uzta euskerari puzka kanpaina azaroaren 12ra arte izango da. Iaz bezala, produktu bikainez osatutako 3 saski izango dira aukeran: saski beltza, berdea eta zuria, eta hauen balioaren %25 Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzara bideratuko da.

Saski beltzean orburuak, pikillo marmelada, pikillo piperrak, zainzuri zuriak, teilak, tomate frijitua, mertxika almibarretan, oliba-olio birjina estra, kardua, mahats-zukua, botila ardoa eta piper-mamia eskuratu ahal izango dira, 55 euroren truke. Gainera, Korrikaren katilua ere jasoko da.

Saski berdean (ekologikoa), berriz, txitxirioak, ardo-ozpina, oliba-olio birjina estra, barazki-menestra, pasta, orburuak, pikillo piperrak, arroza, zainzuri zuriak, botila ardoa eta udare-zukua izango dira, 65 euroan. Horrez gain, Seaskaren egutegia ere eskuratuko da.

Azkenik, saski zurian (berezia) orburuak, pikillo piperrak, zainzuri zuriak, botila kriantza, txokolatezko zigarretak, patxaran-pastak, patxarana, oliba-olio birjina estra, ardo zuri apartsua eta arbendol-polboroiak izango dira, D ereduaren haziez gain. 75 euroko balioa du saski honek.

Aurten, pandemiak eragindako nahas-mahasa dela eta, elkartasun-proposamen berezia egin da, eta saskiko 5 euro gehigarri emango zaizkie AEK-ri, Seaskari eta Sortzeni, Korrika, Herri Urrats eta Sortzenen jaia ez egiteak eragingo dien diru-galera arintzen laguntzeko.

Eskaerak www.errigora.eus webgunean egin daitezke eta saskiak azaroaren 27an (ostirala) jasoko dira Gudarien plazan, 12:00etatik 19:30era.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!