Bizkaiko eta Gipuzkoako 39 herrik 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago izan dituzte azken hamalau egunetan, eta eremu gorrian daude. Urumea Bailarako Hernani eta Astigarraga egoera horretan daude, positiboen tasa altuagatik. Gaurko egunez Astigarragako intzidentzia tasa 1100,32koa da 100.000 biztanleko eta Hernanin, berriz, 944,39koa. Atzoko datuen arabera, Hernanin 22 positibo berri erregistratu zituen igandean eta 17 larunbatean: guztia 39, asteburuan. Astigarragan 7 izan ziren kontabilizatutako positibo berriak igandean eta 4 larunbatean. Dena den, bertako intzidentzia tasa Hernanikoa baino altuagoa da.
Astigarragako Udalak arduraz jokatzeko deia luzatu die herritarrei: «Egoera kezkagarria da. Neurriak zorrotz bete behar ditugu eta arduraz jokatu. Dei egiten dizuegu eta eskatzen, batetik, oinarrizko prebentzio neurriak zorrotz betetzeko eta, bestetik, aurrez aurreko harreman sozialak murrizteko». Hernaniko Udalak ere mezua luzatu nahi izan die herritarrei: «Udalak hernaniarrei dei egiten die arduraz jokatzeko. Eusko Jaurlaritzak emandako gomendioei eta Udaltzaingoak ematen dituen aholkuei jaramon egiteko». Horrekin batera, EAEn 76 pertsona daude orain UCIn eta COVID-19agatik bizia galdu dutenak 2.098 dira.
Bestalde, Nafarroan larunbatean erregistratu zen bigarren olatuko positibo tasa haundiena: %20tik gorakoa. Hain justu ere, orain arteko positibo kopururik altuena detektatu zen: 698. Hala ere, Foru Gobernuak jakinarazi duenez, 501 positibo atzeman zituzten igandean egindako 3.167 PCR eta antigeno probetan, hau da, % 15,8ko positibotasun tasa. Hori horrela, esan daiteke, azken egunetan behintzat behera egin dutela COVID-19aren positibo berriek. Orain arteko datuen arabera, guztia 29.105 kasu positibo detektatu dira Nafarroako lurraldean. 50 pertsona daude UCIn eta 676 dira pandemiaren eraginez hil direnak.
Urumea Bailarako Arano eta Goizuetako datuak Leitzaldean kontabilizatzen ditu Foru Gobernuak. Azken datuen arabera, 3 positibo berri erregistratu ziren atzo eta horrela, 126 dira orain arteko guztiak eremu horretan. Goizuetako Udalak jakinarazi zuenaren arabera, Koronabirusak eragindako egoera tarteko, feri batzordeak azaroan egin ohi den Feri Eguna bertan behera uztea erabaki du. Eta horretaz gain, Umore Ona elkarteak antolatutako ospakizunik ere ez da izango.