Pandemiaren bilakaerak okerrera egin duela ikusita, Pedro Sanchezek, Espainiako presidenteak, alarma egoera ezarri zuen igande eguerdian. Izurritea gelditzeko maiatzaren 9a arte luzatu nahi dute alarma egoera, baina Espainiako Kongresuak onartu beharko du sei hilabete horien luzapena. Izan ere, momentuz 15 egunerako ezarri dute. Sanchezek azaldutakoaren arabera, oraingoz ez da konfinamendu orokorrik egongo, baina etxeratze-agindua ezarri zuten eta biltzeko eskubidea ere mugatuko dute.
Autonomia erkidego bakoitzak eskumena izango du, alarma egoerak irauten duen bitartean, etxeratze-aginduaren ordutegia kudeatzeko. Pedro Sanchzen gobernuak gaueko 23:00etatik goizeko 06:00etarako tartea proposatu zuen, baina ordubete lehenago edo beranduago hasi daiteke, eta, beraz, goizeko bostetan edo zazpietan amaituko da. Araututako tarte horretan ezingo da kalean ibili; soilik lanerako, zaintzarako edo botikak erosteko atera aha izango da.
Nafarroako eta EAEko gobernuen erabakiak
Ostiralean Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak eskatu zuten alarma egoera ezartzeko, eta alarma egoeraren kudeaketa erkidegoen esku geratzeko.Hori bera egin zuen herengun Sanchezen gobernuak. Hori horrela, etxeratze-aginduez gain, bestelako neurriak ezartzeko ere eskumena izango dute erkidego bakoitzeko buruek. Horren gainean erabakian hartzeko atzo bildu ziren Urkullu eta Txibite. Onarpena eman zioten Pedro Sanchezen gobernuak erabakitakoari eta hainbat neurri iragarri zituzten.
Nafarroako kasuan, Gobernuak debekatu egin du batera bizi ez diren pertsonak eremu pribatuan elkartzea; soilik bakarrik bizi ez badira eta mendekotasunen bat badute egin ahal izango dute. Eremu publikoan, ordea, gehienez 6 lagun bildu ahal izango dira, elkarrekin bizi direnak kontuan hartu gabe. Horrekin batera, Txibiteren gobernuak etxeratze-agindua 23:00etatik 06:00etara finkatu du. Neurri horiek bihar sartuko dira indarrean.
EAEri dagokionean, neurri zorrotzagoak ezarri dira eta gaur jarriko dira indarrean. Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek ezingo dute euren herritik atera. Hala ere, mugakideak dituzten udalerrietara igarotzeko aukera egongo da jarduera sozioekonomikoak egiteko. Eta horrekin batera, Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik ateratzea eta horietara sartzea ere debekatuta egongo da. Etxeratze-agindua 23:00etatik 06:00etara finkatu da.
Aldaketak egon diraherrietako zerbitzuetan
Eremu gorrian daude Hernani eta Astigarraga, eta izurritea geratzeko asmoarekin neurriak hartu dituzte bertako Udalek. Astigarragako kiroldegian soilik fitness gela dago martxan, aforo mugatuarekin. «Gainerako guztia, ikastaroak barne, bertan-behera gelditu dira: haur zein helduenak». Hernanin, berriz, kiroldegiko ikastaroak eta Biterin eskaintzen direnak bertan-behera geratu dira, oraingoz azaroaren 5era arte. Hala ere, kiroldegiko gimnasioa eta igerilekua irekita egongo dira, orain arte bezala, hitzordua hartuta. Halaber, eskola kirola ere ez da hasiko egoera honek dirauen bitartean.
Liburutegiko zerbitzuari dagokionez, aforo mugaturarekin, baina Hernaniko eta Astigarragakoak zabalik daude. Erriberan, aldiz, harrera zabalik dago, baina bertako ikastaro guztiak suspenditu egin dira. Asteburuetarako aurreikusita zeuden ekintzak (zinea, antzerkia...) bertan-behera gelditu dira, baita ere. Erribera, hortaz, liburutegiaz gain, soilik banakakoen musika eskola dago martxan; gainerakoa bertan-behera gelditu da.