Euskaraldia

«Jar ezazu Euskaraldiaren banderatxoa zure leiho edo balkoian... jantzi ditzagun kaleak!»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 27a, 00:00

Leire Otxotorena Hernaniko Euskaraldiko arduraduna, banderatxoa eskutan duela

Euskaraldia finantzatzeko helburuarekin eta ekimena ikusgarriagoa egiteko, salgai daude honezkero leiho edo balkoietan jartzeko Euskaraldiaren banderatxoak. 

Hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa soziala azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo da. Taldeen izenematea duela hilabete inguru amaitu zen, eta arrakasta haundia izan zuen Urumea bailarako herrietan. Norbanakoen txanda heldu zen ondoren, eta hauek ere aukera izango dute egitasmoan partehartzeko. Ekimena 15 egunez ospatuko bada ere, «urte osoan zehar» egin beharreko lanketa dela gogorarazi dute Astigarraga, Hernani, Arano eta Goizuetako arduradunek. Euskaltzaleen Topaguneak ere mezu bera helarazi die herritarrei: «gure erronka Euskal Herriko lurralde guztietan euskeraren erabileran urteko 365 egunetan eragitea da». 


Hori dela eta, urte osoan zehar beste hainbat ekimen antolatu ditu Topaguneak eta ondorengo proposamena egin du: «Euskaraldia ikusgarriagoa egiteko, eta bide batez, euskaltzaleen mugimendua indartzeko, gure etxe, elkarte, eraikin publiko eta lantegietako leiho eta balkoietan banderak jartzea». Bandera bakoitzeko 5 euroko ekarpena egingo da, eta salgai daude jada. Banderen bidez jasoko den ekarpena, krisiaren eraginez arriskuan dauden euskeraren aldeko egitasmoei eusteko, eta euskerarentzat estrategikoak diren bestelako ekimenetarako baliabideak eskuratzeko erabiliko dira. «Besteak beste, Euskaraldia Euskal Herri osora zabaltzen laguntzeko». 

«Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan»
Hori da, hain justu ere, Euskaraldiko banderaren leloa. Euskaraldiaren ariketa sozialarekin lotu dute, «ariketa soziala indartzeko helburuarekin». Izan ere, banderolen salmentarako Euskaraldiko ariketa sozialaren testuingurua aukeratu da. Euskeraren aldeko herri giroa baliatuta, Euskal Herriko etxe eta herriak apaintzeko euskarria eskaini nahi da. «Alde batetik Euskaraldia indartu nahi dugu, girotze lana indartuz eta bestetik, mugimendurako diru sarrerak dibertsifikatu nahi ditugu», azaldu dute Topaguneko arduradunek. 

«Jar ditzagun Euskaraldiko banderak  leihoetan eta balkoietan, indartu ditzagun Euskara elkarteak eta  euskaltzaleen mugimenduak»


Banderatxoen salmentatik aterako den diru etekina ez da ezinbestean Euskaraldira bideratuko, aukera hori egongo bada ere. 365 markaren bidez, adierazi nahi da 15 eguneko ariketa sozialaz haratago ere eragin nahi dutela,  eta urteko egun guztietan euskeraren erabileraren alde lan egiteko premia dagoela. Esan bezala, lortutako diru baliabideak euskeraren erabileran eragiteko proiektu jarraietan ere inbertitu nahi da, «ariketa sozial masiboekin batera, euskaltzaleen eguneroko lan jarraia beharrezkoa duelako euskerak».


Gainera, Euskaltzaleen Topaguneko kideek azaldu dutenez, banderaren leloak eta iruditeriak «integratzailea» izan nahi du eta Euskaraldia sortu aurretiko 365 markak horretarako bide ematen duela hausnartu dute. Eta horretaz gain, ariketa sozialaren osteko diskurtsoa eraikitzeko ere «baliagarria» izan zaie. Horren baitan sortu dute, beraz, banderatxoaren ekimen hau.

Banderak nola eskuratu?
Hernanin Euskaraldia Euskara Ari Du bulegoan eskuratu daitezke, 5 euroko prezioan. Larramendi kaleko 11 zenbakian daude eskuragai, Kronikako erredakzioa dagoen eraikinean bertan. Eta bestela, banderatxoa lortzeko eskaera egin behar da: denda@euskaraldia.eus helbidera idatzi eta bertara bidali behar da eskaera orria. 

«Erronka da 500.000 banderatxo saltzea; ahalegin horren ordainean 100.000 euroko etekina jasotzeko aukera izango genuke, denak salduz gero»


Banderen salmentatik ateratako etekinaren erabilerarako honako irizpide orokorra ezarri da: %50a Topaguneko nazio mailako proiektu estrategikoan inbertitzea eta beste % 50a, berriz, elkartasun kutxara bideratzea. Lehenengo kopuruari dagokionean, Topaguneko Zuzendaritza Batzordeak definituko du zein proiektutan inbertituko den. Horretarako irizpide gisa Topagunearen baitan landu eta onartu berri den plan estrategikoa hartuko da. Eta bestetik, Elkartasun kutxatik finantzatu ahal izango dira tokian tokiko, askotariko proiektuak. Horien artean dago, hain zuzen, Euskaraldia. «Horretarako premia dagoenean eta elkartasun batzordeak horrela onartzen duenean jarriko da abian», azaldu dutenez.


Elkartasun kutxa, Euskaraldia finantzatzeko
Proiektu asko finantzatzera dago bideratuta aurrez aipatutako Elkartasun kutxa, baina Euskaraldia du orain, prioridade nagusienetako bat. Horren harira, Topaguneko Zuzendaritza Batzordeak elkartasun kutxaren lanketarako azpi-batzordea eratu berri du eta, bertan hainbat gai lantzen hasita dago. Batetik, Kutxa diruz hornitzeko bideak lantzera bideratuta dago, eta diru iturri berriak lortzeko lehenengo ahalegina izango da banderen salmentako etekinaren erdia bertara bideratzea.

Hala ere, horretaz gain, diru iturri gehiago ere landuko dira. Bestalde, Kutxaren diru banaketarako irizpide eta prozedurak zehazteen ari dira. Horrekin, Elkartasun kutxatik inbertsiorako proiektuak edo elkarteak eta beharrak lehenesteko irizpideak eta prozedurak lantzea da beraien helburua. Eta azkenik, Kutxaren kudeaketarako organoaren funtzioak zehaztea eta hroi bera eratzea, bazkideen parte hartzearekin eta beraien laguntzarekin; alegia, Elkartasun Batzordea nortzuk osatuko duten, zer eskumen izango duten, gardentasun mekanismoak, eta abar. 


Hizkuntza-ohiturak aldatzeko egitasmoko arduradunek argi utzi dute mezua: «Azken urteotan urrats haundiak egin ditugu euskeraren biziberritzeari begira, baina, COVID-19ak eragin duen krisi honetan, argi geratu da, beste behin ere, euskerak bide luzea duela gizartean behar duen lekua irabazteko». Hori horrela, herritarrak lanean jarraitzera animatu dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!