Asteburuko kirol jarduera hankaz gora jarri zuten ostiralean, Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren pandemiaren aurrean hartutako neurri berriek. Eta horren eraginez, astebururako aurreikusita zeuden hainbat partidu atzeratu edo bertan behera geratu ziren, ostiralean bertan.
Gipuzkoako futbol eta saskibaloi federazioek, esaterako, eten egin dituzte beraien lehiaketak, bi astez. Hori horrela, joan den asteburuko partiduak ez ezik, ez dira jokatuko datorrenekoak ere.
Boleibolean, berriz, bertan behera geratu ziren, asteburuan Hernanin jokatzekoak ziren bi partiduak; eta taldeak, entrenamenduak ere eten ditu, pandemiaren eboluzioa ikusi bitartean. Eskubaloian ere, ez da partidurik izan asteburuan, eta beraz, atzeratu egin dute Gipuzkoako Ligaren hasiera, aurreneko jardunaldia baitzen jokatzekoa, zenbait kategoriatan.
Txirrindularitzan, hasi baino bukatzen ari dira denboraldia, baina bertan behera geratu ziren asteburuko lasterketak ere: larunbatekoa Legorretan, kadete eta jubenilena; eta igandekoa Zumarragan, jubenilena. Gainera, kadeteen Euskadiko Txapelketa ere ez da jokatuko, larunbat honetan Otxandion.
Eta azkenik, bertan behera geratu zen, baita ere, larunbatean Galarretan jokatzekoa zen erremonte jaialdia.