Esku pelota

Partiduak izango dira asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 24a, 00:00

Arratsaldeko 16:00etatik aurrera jokatuko dituzte partiduak jubenilek eta kadeteek, kiroldegiko frontoian. 

Joan den jardunaldia ezin hobea izan zen Hernaniko esku pelotarientzat. Sei partidutik bost irabazi zituzten hernaniarrek, eta garrantzitsuenetan ez zuten hutsik egin. Kadete bigarren mailan irabazi egin zuten Unax Manterolak eta Manex Martinek, Azpeitian; eta Aiur Elizazuk Eta Auritz Txintxurretak, Lasarten. Asteburu honetan Hernani 1 Zumaiaren aurka arituko da gaur, arratsaldeko 16:00etan Hernaniko frontoian. Bosgarren jardunaldia da beraientzat eta lehenengo postua mantentzen dute, sailkapen orokorrean. 

Seniorren hirugarren mailan Xabier Salaberriak eta Xabier Ortiz de Urbinak garaipena lortu zuten Epleren aurka, Gipuzkoako Txapelketan. Atzo Zumaiaren aurka jokatu zuten arratsaldeko 19:00etan, txapelketako azken fasean. 

Jubeniletan, berriz, jardunaldi arraroa izan zen. Porrota jaso zuten Uitzik eta Etxarrik, eta garaipena Arluziagak eta Laboak, aurkariak aurkeztu ez zirelako. Asteburu honetan atsedena dute Hernani 1 jubenilek. Hernani 2 bikoteak, aldiz, Tolosaren aurka gaur du norgehiagoka Hernaniko frontoian, arratsaldeko 16:00etan. Eta jubenilen bigarren mailan ere partiduak izango dira bihar: Aretxabaletaren aurka indarrak neurtuko dituzte hernaniarrek, arratsaldeko 16:00etatik aurrera. 

Nagusien Ohorezko Mailan ere partiduak jokatuko dira asteburuan. Intxurre Hernaniren aurka arituko da gaur, goizeko 10:00etan hasita. Bosgarren jardunaldia izango da hauena, eta azkena datorren asteburuan izango dute, Ilunperen aurka indarrak neurtuta. Sailkapen orokorrean hirugarren postua dute orain, pelotari hernaniarrek. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!