Argazki lehiaketa jarri dute martxan Arano eta Goizuetan, Bhutanen baitan

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 24a, 00:00

'Zaintza pandemia garaian' da lehiaketaren izenburua eta 15 urtetik gorako aranoar eta goizuetarrentzat dago zuzendua.

Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko prebentzio programak eta berdintasun zerbitzuak, argazki lehiaketa bat antolatu dute Goizuetako eta Aranoko 15 urtetik gorako biztanleei zuzendua.

Bhutan proiektuaren baitan garatutako ekimena da. Zaintza pandemia garaian izeneko lehiaketa honetan konfinamenduan eta orokorrean testuinguru berri honetan zaintzak bizitzaren sostengurako zenbaterainoko ga­rrantzia izan duen, duen eta i­zango duen islatzea da helburu na­gusia. «Argazkien bidez Goizueta eta Aranon eman diren zaintzak, tratu onak eta horrek herri bezala dakartzan baloreak argitara atera nahi ditugu», azaldu dute antolatzaileek.

Zaindu eta zaintzaile paperak inoiz baino nabarmenagoak izatera eragin du COVID-19ak eta kontziliazioa, tratu onak, komunikazioa, elkarbizitza eta elkartasuna bezalako hitzen indarrak herritarren behar eta nahietan nozitzea eragin du. Horregatik, diote, bizitzarako lehentasunak balore horietan oinarritzen direla «argi» geratu dela, eta horren baitan antolatu dute lehiaketa.

Azaroaren 12a, lanak aurkezteko azken eguna

Argazkiak lagatratuonak@gmail.com helbidera bidali beharko dira urriaren 22tik azaroaren 12ra bitarte eta parte-hartzaile bakoitzak bi argazki aurkezteko aukera izanen du.

Parte-hartzaile guztien artean bi sari potolo egonen dira jokoan. Batetik, epaimahaiak aukeratuko duen irabazlearen saria: Elgorriagako bainuetxean ibilbide termala, bazkaria eta masajea 2 pertsonentzat. Eta bestetik, sari parte-hartzailea, zozketa bidez parte-hartzaile guztien artean erabakiko dena. Azken hau 2 pertsonentzat ibilbide termala izanen da, Elgorriagako bainuetxean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!