Covid 19

Neurri zorrotzagoak ezarri dira Hernanin eta Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 24a, 00:00

Taberna eta saltokiek 21:00etan itxi beharko dute eta mugikortasuna murriztea gomendatu dute. 

Joan den larunbatean ezarritako neurriez gain, Eusko Jaurlaritzak zona gorrietan dauden edo 14 egunetan metatutako intzidentzia tasa altua duten 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan «neurri gehigarriak» ezarri ditu. Urumea Bailarako Astigarraga eta Hernaniri eragin die erabaki honek, alerta gorrian baitaude bi herriak. Astigarragaren intzidentzia-tasa 987,06koa da 100.000 biztanleko eta Hernanikoa, berriz, 744,52-koa. 

EAEko aldizkari ofizialean argitaratu ziren neurri gehigarri horiek, atzo eguerdian. 25 udalerrientzat zuzendutakoak dira neurri horiek: bost Bizkaikoak eta hogei Gipuzkoakoak, eta herri horietan zorrotzagoak izango dira koronabirusaren hedapena saihesteko neurriak. Alerta gorrian dauden 25 herri horietan herritik ez ateratzeko eta herrira ez sartzeko aholkatu dute, ohiko salbuespenetan izan ezik. 

Eta horretaz gain, ezinbestekoak ez diren gizarte jarduera eta elkartze oro baztertzeko gomendioa ere egin du Jaurlaritzak herri horietarako, jarduera eta mugikotasuna ahalik eta gehien murrizteko helburuarekin.


Neurri orokorrak, 25 udalerrientzat


Bertan behera uzten da taldeko edozein kirol-jarduera, martxan dauden kirol-lehiaketa ofizialak izan ezik. Ondorioz, kirola bakarka soilik egin ahalko da. Bestalde, debekatuta dago 21:00etatik 06:00etara haur-parkeak, parke publikoak eta plazak erabiltzea, pertsonen joan-etorrietarako izan ezik. Saltokiek, berriz, itxita egon behar dute 21:00etatik 08:00etara, hauek izan ezik: elikadura establezimenduek, farmaziek eta erregaia zerbitzatzen dutenek. Gainera, tarte horretan ezingo dute alkoholik saldu dendetan. 

Taberna eta jatetxeek ere gaueko 21:00etan itxi beharko dituzte ateak, datorren eguneko 08:00ak arte. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!