Elkarte gastronomikoak ixteko neurria indarrean da, eta Urumea bailarako herriek «zorrotz» bete dute

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 24a, 00:00

Pasa den asteburuan, pertsonen mugikortasuna eta jende pilatzeak gehiago mugatzeko neurriak iragarri zituen Eusko Jaurlaritzak. Atzo berriz neurri zorrotzagoak jarri ziren indarrrean. 

Kasu positiboen gorakada nabarmena antzeman da azken denboraldian. Hori horrela, bai Euskal Autonomia Erkidegoan bai eta Nafarroan neurri zorrotzak jarri dira. 

Nafarroaren kasuan, irailaren 11n jarri zen indarrean elkarte gastronomikoak ixteko agindua ematen zuen foru legea. Hortaz, Urumea bailaran dauzkagun Goizueta eta Aranok elkartea itxi egin behar izan zuten pasa den hilabetean. 

Txokoez gain, Nafarroako egoerak okerrera egin duela kontuan hartuta, Nafarroa ixtea erabaki zen, «pandemiaren bigarren olatuari aurre egiteko asmoz». 14 egunez, azaroaren 4ra arte, Nafarroan sartzea edo irtetea galarazita egongo da, ezinbesteko kasuetan izan ezik, eta tabernak eta jatetxeak itxita egongo dira.

EAEn, neurri zorrotz gehiago
Euskal Autonomia Erkidegoan ere hainbat neurri jarri ziren indarrean atzo, haien artean elkarte gastronomikoen itxiera. Hernani, Astigarraga eta Ereñotzuk bat egin dute neurri hauekin, eta jadanik itxita daude.
 
Horrez gain, Osasun Sailak egoera epidemiologiko larria duten 25 herri horietarako zenbait «gomendio orokor» eman ditu, herri horietako jarduera eta mugikortasuna ahalik eta gehien murrizteko helburuz. Elkarte gastronomikoak ixteaz gain, tabernetarako eta jatetxeetarako ezarritako neurriak ere indarrean daude, hau da, 21:00etatik 08:00etara itxita. 

Gipuzkoako gainerako herrietan beste hainbat neurri sartu dira indarrean, gehienak joan den astean iragarritakoak: besteak beste, edukiera %50era murriztea jarduera guztietan , ostalaritzan, kultur ekitaldietan, gurtza lekuetan eta abarretan, txokoak eta elkarte gastronomikoak ixtea, eta tabernak eta jatetxeak gauerdian ixtea.

Hala ere, Urumea bailarako herrietako elkarte gastronomikoak itxita daude, batzuk duela hilabetetik, beste hainbat duela aste betetik eta beste batzuk atzotik. Elkarteek itxiera hauen berri eman digute. 

 

«Herri txikia da Goizueta, hemen ez dago jatetxe haundirik, eta elkartea ixteak tristura eragiten du herrian»


Goizuetan ere, Nafarroako beste hainbat herrien antzera, Umore Ona Elkartea itxi egin zen irailean, Nafarroako Foru Legea indarrean jarri zenean, hain zuzen. 


Goizuetan hain maitea den Umore Ona Elkartea, irailean itxi zen, Nafarroako Foru Legeak jarritako neurriak indarrean jarri zirenean. 
Goizuetako Udalak, Foru Legeak ezarritako neurriak aplikatzeko agindua eman zuen, «denen arteko bilera bat egin genuen, eta ixteko erabakia bertan hartu zen».

Goizuetan, beste herrietan bezala, eragin kaltegarriak izan ditu herriko elkartea ixteak, «alde batetik, antolatutako ekintzak ezingo direla egin. Izan ere, Goizuetako Umore Onak baditu baitan hainbat talde; mendikoa, abesbatza, txapelketak... eta hauen ospakizunak elkartean bertan egiten genituen. Orain ez da horrela, bertan behera gelditu dira denak. Eta beste alde batetik, eragin ekonomikoa, diru iturririk ez dugula izanen». 

Orain arte ezarritako neurriak zorrotz bete dira, elkartea gainera sekziotan banatu dute goizuetarrek, herritarren segurtasuna bermatze aldera.

Umore Ona Elkartea beteta, pandemiarik gabeko garaian.

 

«Lehenago ere ez zen mugimendu haundirik izaten San Roke Elkartean, orain are gutxiago, elkarteak ateak itxita baitauzka»

Aranon, irailaren 11n, sartu ziren indarrean Nafarroako foru legeak hartutako neurriak, eta geroztik, «herritarrek bete egin ditugu arauak». 

 

Irailetik dago Aranoko San Marko Elkartea itxita, izan ere, irailaren 11an, Nafarroako Foru legeak hainbat neurri hartu zituen, eta haien artean «elkarteak ixteko agindua eman zen. Gainera, 500 biztanle baino gutxiagoko herrietan, ez badago ez kafetegi ez tabernarik, Elkarteak irekita jarrai dezake, hala ere, Aranoren kasuan ez da horrela izan, badagoelako bai taberna eta baita kafetegia ere». 

San Marko Elkartea beraz, neurriak jarri zirenetik itxita egon da, eta oraindik ere itxita jarraitzen du, egoera hobetu arte. Gainera «herritarrek asko errespetatu dute, eta noski faltan botatzen dugu, baina osasuna dago jokoan, beraz zentzuarekin ari gara jokatzen». San Roke ixteko erabakia Udalak eman zuen, eta «zuzendaritzakoak jakin bezain laister, bazkideei komunikatu zien, eta itxi egin zuten».

San Roke Elkartea, asteburutako elkargune gisa definitu dute aranoarrek, eta jakinarazi dute, «elkartean neurriak zorrotz» bete direla orokorrean. «Aranoko Elkartea gainera ezin da Hernaniko batekin alderatu, hemen astean zehar ez da bazkari ez afaririk egiten.

Larunbatetan afari bat egin ohi da, eta astean zehar herriko taberna itxita badago, elkartean pote bat hartzen du jendeak, baina orokorrean ez dago mugimendu haundirik, gehienez 5 pertsona bilduta. Orain aldiz itxita dago beraz, ezer ere ez. Herrian tristura apur bat sortzen du honek».

San Roken, aipatu moduan, zorrotz bete dira ezarritako neurriak, hala nola, maskarilen erabilera, mahaietako distantziak, gel desinfektanteak, pertsonen arteko distantziak ere, higienea, eta beste hainbat gehiago. 

San Roke elkarteko mus txapelketan herritarrak, aurreko urtean.

 

«Argi geneukan Santa Barbara itxi egin beharko genuela herritarren osasunagatik, eta egoerak hala behartuta»

Eusko Jaurlaritzak, atzo indarrean jarri zituen hainbat neurri, eta haietako bat elkarte gastronomikoen itxiera zen. Hernaniko elkarteek, Urumea bailarako beste hainbat herrien moduan, bat egin dute eta ateak itxi behar izan dituzte. 

 

Hernaniko Santa Barbara Elkarteak, argi dauka, Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurriekin bat egingo duela, herritarren eta bertako bazkide zein langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko. «Egoera ikusita eta Hernanin positiboek gora egin dutela jakinda, erabaki argia da gurea, elkartea ixtea, hain zuzen». 

Erabaki hau hartzeko, Santa Barbara Elkarteko zuzendaritza bildu egin zen ostegun arratsaldean, «gure distantziak hartzen ditugu, ez gara denok elkartzen, bi mahaietan jartzen gara, sartu bezain laister eskuak garbitze ditugu eta maskarilla aldi oro jarrita daukagu». 
Kontrol zorrotzak eramango ditu aurrera Santa Barbara elkarteak, «ateak itxiko ditugu, eta horren kontrola eramango dugu, beharbada garbitzaileak bertako mantenua eginez. Honela jendea ez da sartuko». 

Itxieraren berri emateko, emaila bidaliko zaie bazkide guztiei, eta kartelak ere jarriko dira elkartearen kanpoaldean zein barruan. «Bazkide batzuei dei bidez abixatuko zaie». 

Santa Barbara Elkarteko ateak ixteak, eragin kaltegarriak izango ditu, «eragin ekonomikoa egongo da, azkenean ez da kontsumorik egon eta ez da egongo. Aforoa ere %50era jaitsi genuen, eta horrek diru gutxi ekarri du, azkenean konfinamendu ostean, mahai bakarra betetzen zen askotan, beldurragatik agian, edo jendearen errespontsabilitateagatik, noski». 

«Orokorrean esan dezakegu, jendeak egoki jokatu duela, segurtasun neurriak bete direla. Azkenean, elkartera joaten den jende kopurua asko jaitsi da, eta horrek lasaitu egin gaitu Santa Barabara ixteko erabakia hartzerako garaian». 

Santa Barbara kanpoan, aurreko urteko Euskal Jaietan.
 

«Atzo jarri ziren indarrean neurriak eta Ur-Mia elkartea ere, atzo goizean bertan itxi genuen»

Ereñotzu txikia bada ere, elkarte gastronomikoak ixteko agindua beteko du, hori horrela, atzo goizetik Ur-Mia elkartea itxita dago. 

Atzo jarri ziren neurriak indarrean, eta atzo goizean itxi zen Ereñotzuko Ur-Mia Elkartea. «zuzendaritzan erabaki genuen neurriak errespetatu behar genituela». Ur-Mia elkarteak hainbat junta ditu, eta bertako ordezkariek «bazkideei mezua bidaltzeko ardura du». 

Eragin ekonomiko nabarmena izango du egoera honek ere Ereñotzuko elkartean, «orain arte bezala, azkenean galerez betetako urtea da aurtengoa. Erabilera asko jaitsi da, %70 bat, orain kontuak ari gara egiten eta gastuak kubritzeko, juxtu heltzen gara».  

Tabernetan jarri diren neurri antzekoak ezarri zituzten hasiera batean Ur-Mian, eta herritarrek bete dituztela ziurtatu dute, «ordutegiak bete egin dira, eta jendeak errespetatu ditu elkartean jarritako neurriak. Gu ez gara egunero egon elkartea ikuskatzen, baina badakigu aipatu moduan, jendeak ondo jokatu duela, zentzuz eta jarritako neurriak errespetatuz». 

Duela urte batzuk, Ereñotzuko Ur-Mia Elkartean, hainbat bazkide afaltzen.

 

«Guk, asteartetik itxita daukagu elkartea»

Aurrea hartu diete astigartarrek atzo indarrean jarri ziren neurriei. Izan ere, pasa den asteartean Gure-Izarra ixteko erabakia hartu zuten. 

 

Pasa den asteartean itxi zuten Astigarragako Gure-Izarra Elkartea, «oraingo zuzendaritzakoek bagenekien, indarrean jarriko zirela neurri hauek, eta  Astigarragako egoera ikusita, aurreratu egin gara eta asteartean itxi genuen elkartea». 

Gure Izarra elkarteko zuzendaritzak, Wathsapp bidez bildu dira, «talde bat daukagu eta hortik hitz egin genuen dena». Bazkideek, itxiera honen berri jakiteko, Gure Izarra elkartean kartel bat jarri zen, eta horrez gain, «emailak ere bidali ditugu, egoera zein den informatzen eta zer erabaki dugun azaltzen». 

Astigarragan ere, eragin ekonomikoa izan du egoera honek, «kopurua gutxitu egin da, %50ean geneukan aspalditik, eta mugimendu gutxiago dago, horrela dirurik ez da egiten, fakturazioan asko nabarmendu da». 

Pandemia dela eta, 8 mahai izatetik 4 izatera pasa zen elkartea, «hauen arteko distantzia ere utziz. Eta bazkideek erabiltzen zituzten, objektu komunak kendu genituen, mantala, gatz-ontzia...».
Jakinarazi dute, astigartarrek ere, neurriak orokorrean ondo bete dituztela, «maskarillen erabilera nahiko konplexua izan da, baina hori kenduta, jendea nahiko kontzientziatuta dago egoerarekin, eta zaintzarekin». 

Aurreko urteko irailean, Astigarragako Gure-Izarra elkartean egin zen sagardo dastaketan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!