Neurri zorrotzak, Urumea bailarako 'zona gorrian' dauden herrientzat ere

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 23a, 00:00

Pasa den asteburuan iragarritako neurriez gain, «neurri gehigarriak» ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak zona gorrian edo hamalau egunetan metatutako intzidentzia tasa altua duten 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan. 

 

Guztira 25 udalerri dira: bost Bizkaikoak eta hogei Gipuzkoakoak. Herri horietan zorrotzagoak izango dira koronabirusaren hedapena saihesteko neurriak, eta, besteak beste, tabernek eta saltokiek 21:00etan itxi beharko dituzte ateak. Neurriok gaur bertan sartuko dira indarrean, EAEko aldizkari ofizialean argitaratu orduko. 

Osasun sailak, gomendio orokorrak eman ditu, eta mugikortasuna ahalik eta gehien murrizteko helburua izanik, «herritik ez ateratzeko eta herrira ez sartzeko aholkatu dute, ohiko salbuespenetan izan ezik: lana, ikastea, menpeko pertsona bat zaintzea, eta abar».

Kirol jarduerari dagokionez, eten egingo dituzte taldeko kirol jarduera guztiak, bai instalazio itxietakoak, bai irekitakoak, lehiaketa ofizialetakoak izan ezik. Hortaz, neurri horien ondorioz, kirola bakarka soilik egin ahalko da 25 udalerri horietan. Haur parkeak, parke publikoak eta terrazak ezin izango dira erabili 21:00etatik 08:00etara artean, horietatik igarotzeko ez bada.

Tabernak itxita

Tabernetarako eta jatetxeetarako ere indarrean egongo da ordutegi muga hori: 21:00etatik 08:00etara itxita egoteko agindua. «Horrez gain, tabernetan debekatuta egongo da barran kontsumitzea: mahaian eta eserita soilik hartu ahalko dira janari-edariak. Baldintza horietara egokitzen ez diren jarduerak koktelak, esaterako debekatuko dira». 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!