EAEko Auzitegi Nagusiak ez ditu bilerak 6 pertsonara mugatuko

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 23a, 00:00

Neurri horrek «oinarrizko eskubideak urratzen» dituela eta «lege babesik» ez duela ebatzi du. Eusko Jaurlaritzak, atzotik hasita, 5 eguneko epea du helegitea aurkezteko. 

Eusko Jaurlaritzak talde bilerak mugatzeko hartutako erabakia atzera bota du EAEko Auzitegi Nagusiak, eta ez du baimendu bilerak 6 pertsonara mugatzea.  Horren aurrean, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi du Euskadin azken 24 orduetan izan diren mila koronabirus kutsatu berrien ondorioz, «are beharrezkoagoa» dela 6 pertsona baino gehiagoko elkartze sozialak debekatzea. Horregatik, EAEko Auzitegi Nagusiak neurri hori ez aplikatzea  «ulertzen zaila» dela uste du.  Bere aldetik, Urkulluk bat egin du Sagarduiren argudiaketarekin eta helarazi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak hartutako erabakia onartzen duela, baina ez daudela ados. Izan ere, bere ustez, ebazpen judizialak «ateak itxi nahi dizkio Alarmaren Estatua deklaratzen ez duen edozein neurriri».

 

Nafarroa itxita, atzo gauerditik

Atzo gauerdian sartu ziren indarrean Nafarroako gobernuak ezarritako neurri murriztaileak, eta lanagatik, ikasketengatik edo senide baten zaintza arrazoiengatik izan ezik, ezingo da lurraldetik atera. Urumea bailarako Arano eta Goizuetako herritarrek ere hamabost egunez bete beharko dute foru arauak ezarritakoa, azaroaren 4ra arte. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!