Haize boladek zuhaitza bota zuten Hernaniko erdigunean, Lizeaga auzoan

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 22a, 00:00
Lizeaga auzoan zuhaitza bota zuen lurrera haizeak.

111 irteera egin zituzten suhiltzaileek, gehienak zuhaitzak eta haizeak botatako bestelako objektuak erretiratzeko.

Gipuzkoako foru suhiltzaileek 111 irteera egin behar izan dituzte astearteko gaua eta atzoko goizaren artean, lurraldea kolpatu duen haizete bortitzak eragin dituen ezbeharrei erantzuteko. Atlantikoko ekaitz gogor batek, Barbara izenez bataiatua izan dena, hegoaldeko haize gogorra eragin du Gipuzkoa osoan, batez ere barnealdean sentitu zen. Baita Nafarroako Iparraldean, Goizueta eta Aranon. 

Zuhaitz zein bestelako objektu ugari bota zituen haizeak,  Hernanin ikusi zen bezala. Lizeaga auzoan, esaterako, zuhaitza erori zen Larramendi kalean, Urumea ikastolaren ondoan. Sustraietatik atera zuen zuhaitza haizeak, baina zorionez, belardian geratu da, nahiz eta espaloi zati bat ere hartu zuen.


Goizueta eta Hernani arteko errepidean, zuhaitza lurrera
Urumea bailara osora zabaldu ziren zailtasunak. Goizueta inguruan, esaterako, zuhaitz ugari erori ziren gauean zehar, eta lanean jardun zuten suhiltzaile boluntarioek, errepidea eta baserrietarako bideak garbitzen.

Goizueta herritik Hernanirako e­rre­pidean, ordea, zailtasunak man­tendu ziren goizean zehar zu­haitz haundi bat erori zelako, eta bidea oztopatzen zuelako. Kotxeak eta furgonetak pasa zitezkeen, baina kamioiak ez. Errepideetako zerbitzuek kendu zuten egunean zehar.

Gertaera hauen eraginez, Gipuzkoako foru suhiltzaileentzat aurten irteera gehien egin behar izan dituzten gaua izan zen. Eider Mendoza Gobernantza diputatuak suhiltzaileek egindako lana goraipatu zuen: «Suhiltzaileak gure lehen erantzunerako elementua dira ia edozein ezbeharren aurrean, eta beste behin ere argi geratu da foru zerbitzu honen garrantzia».

Gauean zehar, Gipuzkoako zortzi parketako suhiltzaileak aritu ziren lanean, eta koordinazio zentroko taldea indartu zen. Honela, eskualdeka, Oñatiko Zubillaga (26)  eta Bidasoako (26) parkea izan ziren irteera gehien izan zituztenak. Gertakaririk larriena Orendainen jazo zen, kultur-etxean. Eraikin horretako azken solairuak kristalezko estalkia dauka eta haizeak lehenengo, kristalak apurtu eta, gero, solairu osoa eta estalkia bera errotik atera zituen.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!