Ikasturte berrian KoopFabrika «inoiz baino beharrezkoagoa»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 21a, 00:00

Ekintzailetza sozial kooperatiboaren premia areagotu egin dela uste dute antolatzaileek.

KoopFabrikak bosgarren ikasturtea beteko du aurten «inoiz baino beharrezkoagoa den garaian», pandemiaren eraginez «gizartearen ahulguneak mahai gainean jarri direnean». Usurbilgo Sutegi aretoan aurkeztu zituzten atzo aurrera begirako erronka eta xehetasunak, Lanki ikertegiko Arianne Kareagak, Olatukoop sareko Leire Udabek, GEZKI institutuko Jon Morandeirak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Iker Estensorok.

Urtez urte, KoopFabrikara iristen diren proiektuen konplexutasun eta aniztasuna haunditzen ari dela uste dute. Horren adibide gisa iaz bidelaguntza jaso zuten bi proiektu aurkeztu dituzte ekitaldian. Batetik Eihera, eraldaketa feminista eta LGTBI prozesu propioak diseinatu, garatu eta ahalbidetzen dituen kooperatiba; eta bestetik Herrerako Sukaldea, auzoan dituzten jateko-beharrak kolektibizatzen dituen proiektua.

KoopFabrika martxan jarri zutenetik, 244 pertsonak hartu dute parte eskainitako formazioetan. Horrez gain 55 proiektu sozioekonomiko garatu dira «formazio eta bidelaguntza metodologia propioaren bidez». Iazko datuak ere aurkeztu zituzten,

2019-2020 ikasturtean 49 lagunek eman zuten izena programa osoan eta 25 proiektu garatu ziren. Aurtengo edizioan proiektu horietako batzuk kontsolidatzeko bidelaguntza ere jasoko dutela adierazi dute antolatzaileek.

KoopFabrika sortzera eraman zituzten arrazoiak, inoiz baino indar eta zentzu haundiagoa dutela sinetsita daude. Horregatik aurtengo ikasturtean, orain arte egindako ibilbidean garatutako metodologia eta bidelaguntza sistema osoa ondo jaso eta denon eskura jarri nahi dute antolatzaileek, «tokiko kosistemak lantzeko eta dimentsio publiko komunitarioak uztartzeko».

 

Udalgintza eraldatzailearen erronka eta jardunaldia Arantzazun, urriaren 30ean

«Elkarlan publiko-kooperatibo-komunitario formak baliatuz, udalgintza eraldatzailearen bidez, herri eta komunitateak indartzea dugu helburu» adierazi zuen Beñat Irasuegik. Hain justu udalgintza eraldatzailearen gaia lantzeko jardunaldia antolatu dute urriaren 30erako Arantzazun. Iaz ekin zioten udalgintza eraldatzailearen gaia ikertzeari eta aurten zabaltzeko ahalegina egingo dutela adierazi dute, Euskal Herrian udalgintza eraldatzaileko eredu propio bat garatzeko. Parte hartzeko ezinbestean koopfabrika.eus orrialdean izena eman behar da.

 

Bi formazio egingo dira azaroan eta otsailean, Eskoriatzan eta Hernanin

Ikasturte honetan ere, bi formazio antolatu dituzte. Lehenengo aukera, Eskoriatzan eskainiko dutena, azaroaren 23an hasi eta abenduaren 17an amaituko da. Bigarren aukera berriz, Hernaniko Iturolan eskainiko dute eta otsailaren 2an hasi eta martxoaren 25ean amaituko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!