Topagunea

'Irakurri, gozatu eta oparitu' ekimena, Astigarragan eta Leitzaldean

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 20a, 00:00

14garren edizio honek berrikuntzak ekarriko ditu eta aurreko astean hasi zen ekimena abenduaren 9a arte gauzatuko da liburutegietan.

Euskaltzaleen Topaguneak Irakurri, gozatu eta oparitu ekimenaren 14garren edizioa jarri du martxan, urrian, Euskal Herriko udal, liburutegi eta argitaletxeekin lankidetzan abenduaren 9ra bitartean. Aurten ekimenaren barruan sartuta daude Astigarraga eta Leitzaldeako (Goizueta eta Arano) liburutegiak.

Egitasmoan parte hartu nahi duen orok irakurri duen liburu hori inguruko bati oparitzeko aukera izango du, beretzako mezu pertsonal bat idatziz. Publiko guztiari zuzenduta dagoen ekimen honetan parte-hartzeko,  nahikoa izango da  ondorengo hiru pausu erraz hauek jarraitzea.

Lehenengo pausoa herriko liburutegira joan eta euskarazko edozein liburu maileguan hartzean datza. 

Liburua irakurri eta bukatzean, liburutegira itzuli eta fitxa erraz bat bete beharko da. Fitxa hori liburuzainak jasoko du eta behin ekimenaren epea bukatuta, zozketa batean sartuko da beste parte-hartzaile guztien fitxekin batera

Zozketan irabazle gertatzen direnek beraien etxean jasoko dute liburua, hasieran idatzitako mezua itsatsita duela, oparitua izateko prest.

500 liburu banatuko dira. Horrez gain, liburutegiek irakurketa gailu elektronikoak zozketatuko dituzte liburutegi bakoitzean partehartzaileen artean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!