60 astez, 60 testigantzekin, 60 urteetan egin den lana erakutsiko du Atzegik aurkeztu duen kanpainarekin

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 20a, 00:00

Biterin aurkeztu zuten atzo Atzegiren kanpaina berria.

Omenaldia egin nahi zaie 60 urteetan zehar elkartearen bidelagun izan diren pertsonei eta gonbidapena luzatu gizarteari, kolektiboari laguntzen jarrai dezan. «Zurekin gertu, urrutira iristen gara» diote elkarteko arduradunek.

Atzegiren (adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko elkartea) sentsibilizazio-kanpaina aurkeztu zuten atzo Biterin. Bertan egon zen elkarteko Aloña Agirre, kanpainaren xehetasunak azaltzen, baita Xabier Lertxundi alkatea ere. Alkateak elkartearen garrantzia azpimarratu zuen berdintasuna lortzeko bidean. «Kolektibo bulnerableagoei aukera eman behar diegu administrazioetik berdintasuna lortzeko».

Ondoren Aloña Agirrek hartu zuen hitza eta «aurtengoa berezia dela esan zuen, «bizi dugun osasun-egoera dela eta, baita Atzegik 60 urte beteko dituelako ere.

Atzegi 60 urte bidelagunak biltzen lelopean, Atzegik bidelagunen irudia nabarmendu nahi du aurten; «adimen desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko, elkartearekin bat eginez, borrokatzen duten pertsonak hain zuzen ere. Pertsona horiekin lortu dugu gizartea aldatzea, begirada aldatzea, aukerak areagotzea eta azken batean, eskubide asko onartzea» adierazi zuen Aloña Agirrek..

«Baina gogoan izan behar dugu oraindik beste erronka asko geratzen direla aurretik eta

Gipuzkoako gizartearen babesak ezinbestekoa izaten jarraitzen duela» gogorarazi zuen.

Testigantzak webgunean bilduko dira astez aste

60garren urteurrenari keinu eginez www.atzegi.eus/bidelagunak webgunean astero, 60 astez, protagonista bat aurkeztuko du (adimen desgaitasuna duten pertsonak, senideak, boluntarioak edo bestelako bidelagunak), bere esperientzia pertsonala (zer lorpen baloratzen duen gehien, zer amets dituen etorkizunera begira...) azaltzeko.

Hala, urteurrenaren amaieran, 2021eko abenduaren 20an, Kursaalean ekitaldi bat egitea aurreikusten dute 60 aste pasa eta gero. «Ekitaldi horrek urteurrenari amaiera eman eta etorkizunari bide ematea izango du helburu».

Buruntzaldean 158 familia, 101 pertsona kolaboratzaile eta 540 atzegizalek osatzen dute elkartea. Guztira 2.054 familia (2.140 adimen desgaitasuna duten pertsonak), 2.534 pertsona kolaboratzaile eta 10.486 atzegizale daude. Elkartearen oinarria guztira 15.074 pertsona dira.

Atzegitik diote gauzak asko aldatu direla 1960an familia batzuk seme-alaben etorkizunaren alde borrokatzeko elkartu zirenetik. «Lehen pentsaezinak ziren helburuak lortu dira esparru ezberdinetan; hezkuntzan, egoitzetan, lanean, aisian, oro har, eskubideen arloan, hala nola hezkuntzarako eskubidea, lanerako eskubidea, botoa emateko eskubidea, modu independentean bizitzeko eskubidea...».

Azkenik aipatu, gaur, kanpainaren ekitaldi nagusia egingo dutela Donostiako Antzoki Zaharrean. Ekitaldiak aurreko urteetan baino edukiera txikiagoa izango du eta osasun-agintariek eskatutako segurtasun-neurri guztiak hartuko dituzte kontuan. «Bertan, kanpaina azalduko dugu argazki, musika eta bideoen bitartez. Atzegik elkarte-izpiritua mantentzearren hitzorduari eutsi nahi izan dio baina betiere bizitzea egokitzen ari zaigun egoera berezira moldatuz».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!