Enekoitz Azparren bigarren, Gipuzkoakoan

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 20a, 00:00

Enekoitz Azparren, Beñat Carbayedaren atzean, Mendaroko helmugan. Argazkia: Gipuzkoako Txirrindularitza Elkargoa

Azkeneko esprintean egin zion ihes garaipenak, Beñat Carbayedaren aurrean. Mendiko sailkapena irabazi zuen berak.

Zita garrantzitsua zeukaten larunbatean, Mendaron, jubenil mailako txirrindulariek. Ber­tan izan zen Enekoitz Azparren asti­gartarra, indartsuenen arte­an. Garaipenak, ordea, azkeneko esprintean egin zion ihes, aurrea hartu baitzion Beñat Carbayeda lasartearrak. Denei aurrea hartuta iritsi ziren biak, helmugako azken aldapara. Atzetik sartu zen Unai Cueva, hirugarren.

Ez zuen Gipuzkoako txapeldunaren maillota eskuratu astigartarrak, beraz; baina mendiko sailkapena bai, berak irabazi zuen, Kalbario gainetik bigarren eta aurrena pasata, lasterketaren bi igoeretan.

Kadete mailako lasterketa ere izan zen larunbatean, Lazkaon: Hesparru Proba. Eta bertan izan ziren bailarako hiru txirrindulari. Ezin izan zuten aurreko postuetan sailkatu, eta Unax Urretabizkaia izan zen hiruetan onena, 49garren, Aimar Madina irabazlea baino minutu eta 50 segundu beranduago iritsita Lazkaomendiko helmugara. Tasio Semperena astigartarra, berriz, 84garren izan zen, eta 89garren helmugaratu zen Ekhi Muñoz herrikidea. Taldeka laugarren izan ziren hirurak, Donosti Berrirekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!