Hernani eta Mundarroko futbol taldeek hasiera eman zioten lehiaketako lehenengo jardunaldiari

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 20a, 00:00
Ruben Piron erdilaria, baloia oinetan duela, joan den larunbateko partidan.

Hernaniko gizonezkoen lehenengo taldeak irabazi egin zuen partidako luzapenean, 93garren minutuan, Iñaki Yanizen golarekin. Astigartarrak, berriz, esku-hutsik bueltatu ziren etxera, Zestoan 2-1 galdu ondoren. 

Asteburu honetan eman zioten hasiera ligari, Astigarragako eta Hernaniko futbol taldeek. Aurredenboraldi arraroa izan da aurtengoa, baina sei hilabeteren ondoren futbol zelaira itzuli ziren, inoiz baino indar gehiagorekin. Partida asko jokatu ziren larunbatean eta igandean, baina guztiek ez zuten denboraldia nahi bezain ondo hasi, sailkapenerako lehenengo puntuak gehitzea ez zutelako lortu.

Garaipena eta porrota, lehenengo taldeetan

Hernaniko Ohorezko Erregional Maila Añorgaren aurka lehiatu zen larunbat arratsaldean, eta partida zaila izan arren, azken momentuan erabaki zen emaitza: 93garren minutuan Iker Yanizek gola egitea lortu eta 1-0 irabazi zuten etxekoek. Lehiaketako lehenengo 3 puntuak gehitu dituzte, eta laugarren postua lortu dute sailkapen orokorrean. Norgehiagoka parekatua izan zen, baina Unai Munduateren mutilek egoera dominatzen jakin zuten, eta azken momenturarte borrokatzeak emaitza onak ekarri zituen berdeentzat. Datorren jardunaldia Beti Gazteren aurka izango dute, Lesakan.

Mundarroko gizonezkoen le­henengo taldeak, berriz, galdu egin zuen Zestoan, Getariako Ketaren aurka. 2-1 itxi zuen markagailua etxeko taldeak, eta astigartarrak esku hutsik bueltatu behar izan zuten. Asteburu honetan Zarkumendegin jokatuko du, Beñat Iñurritegik zuzendutako taldeak, eta Urnieta izango dute aurkari. 

Hernaniko bigarren taldeak, Gorengoen Mailan dagoenak, Tolosan jokatu zuen konpetizioko lehenengo partida. 3-2 galdu zuen Usabalen eta horregatik, zapore gazi-gozoarekin amaitu zuten jardunaldia hernaniarrek. Larunbatean etxean izango dute 3 puntuak eskuratzeko aukera, Billabonaren aurka. 
Jubenilen Ohorezko mailan astigartarrak 2-1eko emaitzarekin  garaile irten ziren, Irungo Real Unionen aurka. Eta Ohorezko kadeteen mailan, emakumezko eta gizonezkoek, biek, berdinketa lortu zuten asteburuan, 1-1. Beti Ona izan zuten aurkari mutilek, eta Intxaurdi, berriz, neskek. 
Emakumezko Erregionalen partida, bertan-behera Hernaniko emakumeen lehenengo taldeak azaroan hasiko du lehiaketa, baina bigarren taldea asteburu honetan zen hastekoa. Hala ere, partida bertan-behera gelditu zen. Beraz, Touringen aurkako norgehiagoka aurrerago jokatuko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!