Jende elkartzeak 6 pertsonatara mugatuko ditu Jaurlaritzak, eta tabernek gauerdian itxi beharko dute

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 18a, 00:00

«EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi eta gero» sartuko dira indarrean neurriak, eta ez da baztertu datozen egunetan bestelako neurri batzuk hartzea.

Atzo eguerdian neurri berriak iragarri zituen Gotzone Sagarduik, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Besteak beste, bilerak sei pertsonatara mugatzea, elkarte gastronomikoak ixtea eta tabernen eta kultura ekitaldien edukiera %50era jaistea. LABI aholku batzordeak egoera epidemiologikoa aztertu ondoren erabaki zuten neurri horiek zehaztea, EAEn birusaren intzidentziak hirugarren maila gainditu duelako. Momentu honetan «transmisio maila altua da». Izan ere, azken egunotako positibo datuei begira, Biziberri II planean aurreikusitako bost egoeretatik laugarrenean dago Euskal Autonomia Erkidegoa.
 

Datorren astean sartuko dira indarrean neurriak
Pertsonen mugikortasuna eta jende pilatzeak gehiago mugatzeko neurriak dira Sagarduik atzo iragarri zituenak. Datorren astean sartuko dira indarrean, «Auzitegi Nagusiak berretsi eta gero». 

Ondorengoak dira Sagarduik atzoko prentsaurrekoan izendatu zituen prebentzio neurri berriak: talde bilerak, arlo pribatuan zein publikoan, gehienez sei pertsonakoak izan ahalko dira; edukiera %50ean ezarri du jarduera guztietan, hau da, ostalaritzan (terrazetan izan ezik), kultura ekitaldietan, zeremonia erlijiosoetan eta igogailuetan. Bestalde, datorren astetik aurrera ostalariek gauerdian itxi beharko dute, eta haurrentzako parkeak ezingo dira 23:00etatik aurrera erabili. Horretaz gain, jende elkartze haundietan 400 pertsonako muga ezarri dute eremu itxietan, eta 600ekoa espazio irekietan. Gainera, txokoetako eta elkarte gastronomikoetako jarduera debekatu da. Kirol lehiaketa ez federatuei dagokienez, bertan behera geratuko dira. 

Azkenik, zaintza- eta miaketa-sarea indartuko dira, 45 pertsona gehiago kontratatuta. Kasu positiboen isolamendu-denbora murriztu egin da 10 egunera, sintomak hasi direnetik edo ospitaleratuta dauden pazienteen alta jaso dutenetik. Betiere gutxienez 3 egun badaramatzate sintoma bateragarririk gabe. Eta kontaktuen berrogeialdia 10 egunera murriztu da, betiere pertsonak osasun gomendioak betetzen baditu.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!