Korrika urtebete, 2022ra, atzeratu dute, COVID-19aren ondorioz

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 16a, 21:42

AEK-k bi urtean behin egiten duen euskararen aldeko lasterketaren 22. edizioa 2021ean zen egitekoa

2019an Garesetik Gasteizera eginikoaren ondoren, Korrikaren 22. edizioa 2021ean zen egitekoa, bi urterik behin antolatu ohi baitu AEK-k euskararen aldeko lasterketa. Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, baina, urtebete atzeratu eta 2022an egitea adostu dute antolatzaileek, prentsaurrekoan iragarri dutenez.

Asier Amondo Korrikaren arduradunak emandako azalpenen arabera, duela hamabost egun hartu zuten behin betiko erabaki “latza”, eta jakitun dira atzeratzeak kalte egingo diela euskararen aldeko bultzadari eta lasterketaren helburu ekonomikoari, AEKren lanari laguntzeko bideratzen baita lasterketan bildutako dirua.

Egungo egoera sanitarioa ikusita, AEK-k birusaren hedapena “ahalik eta gehien murrizteko” hartu du erabakia, Korrika behar bezala egiteko beharrezkoak baitira “kalea, bizia eta mugimendua”.

"Ez gaitu geldiaraziko"

Korrikarik gabe ere, baina, euskararen alde ekiteko gonbita egin dute AEKren arduradunek, Alizia Iribarren koordinatzaile nagusiaren ahotsean, gaurko prentsaurrekoan. "Unea baliatu nahi dugu martxan den 2. Euskaraldian parte har dezagun; Belarriprest edo Ahobizi izatera animatu nahi dugu korrikazale oro".

Bestalde, AEK-k lanean jarraitzeko asmoa aurreratu du, “euskaltegietara hurbiltzen ari zaizkigun milaka lagunek eskolak modurik eragingarrienean ikas ditzaten eta euskarak toki handiagoa har dezan”

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!