Aimar Olaizolak, bihar Bilbon, jokatu behar zuen Binakako finala bertan behera geratu da

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 17a, 00:00
Urrutikoetxea, Olaizola II, Alustiza eta Ezkurdia material aukeraketan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak onartu egin ditu ELA sindikatuak Binakako Txapelketako finalaren inguruan eskatutako kautelazko neurriak eta oraingoz ez du finalik jokatuko pilotari goizuetarrak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak onartu egin ditu ELA sindikatuak Binakako Txapelketako finalaren inguruan eskatutako kautelazko neurriak, Baiko enpresako pilotarien kolektiboko iturriek jakitera eman dutenez. Ondorioz, bertan behera geratu da Olaizola II-Urrutikoetxea eta Ezkurdia-Martijaren arteko bihar arratsaldeko txapelengatik Bilbon jokatu behar zen partida.


ELAk, Baiko-ko pilotarien tal­de­aren ordezkari gisa, errekurtsoa aurkeztu zuen asteartean Esku Pilota Enpresen Ligako Lehiaketa Epaile Bakarraren (LEP.M) erabakiaren aurka. Erabaki horretan, Agirre eta Albisuk 22-0 galdu zuten, Ezkurdia eta Bikuñaren aurka jokatu behar zuten finalerdietako ligaxkako partidan ez agertzeagatik. Sindikatuaren ustez, erabaki horrek finalera sartzeko asmoa zuten bi pilotariren «grebarako eskubidea urratzen du» eta, ondorioz, kautelazko neurriak onartu dira. 


Honek zer suposatuko duen oraindik ikusteko dago. Gerta liteke aurrerago LEP.M-n erabakia onartzea, baina oraingoz ezin da finala jokatu sortuko lituzkeen kalteak konponezinak izango liratekeelako. Gerta liteke baita Agirre eta Albisuri arrazoia eman eta hauek finalerdia jokatzeko eskubidea izatea Ezkurdia eta Martijaren aurka.


Dakiguna da Aimar Olaizola goizuetarrarentzat 26garren finala izango dela, 41 urte betetzear dagoenean azaroan. Hori bai, finala atzeratuta geratzen da oraingoz. Bizkaia Arena frontoian, Bilbon, jokatzekoa zen finala eta Aimarrek 16garrena irabazteko aukera du. Orain arte 15 ditu poltsikoan -zortzi lau t'erdian, lau buruz buru eta hiru binaka-.
Hori gauzatzeko, azkena lortzen lagundu zion bikote berdina izango du, Urrutikoetxea zaratamoarra. Elkarrekin irabazi zuten binakakoa 2016an eta berriz irabazten badute balentria litzateke. Atzoko erabakiak dena airean uzten du eta orain zer erabaki hartuko diren ikusteko dago.


Zurrunbiloa Baiko enpresan eta pilotariak greban
Hala ere, pilota profesionala zurrunbilo batean dago murgilduta eta epaile baten erabakiaren zain. Olaizola eta Urrutikoetxeak ez zuten txapelketa ongi hasi, 2019an, baina behetik gora etorri dira. 2020ko martxoan, txapelketa geratu egin zen eta ordurako emaitza onak zituzten. Finalerdietarako sailkatu ziren eta hauek irailean eta urrian jokatu dira. Erakustaldia eman zuen Aimarrek lehendabiziko bi partiduetan, Urrutikoetxeak ederki lagunduta eta finalerako txartela lortu zuten hirugarren partiduaren zain egon gabe. 
 
Bi partidu bakarrik gaur; Lasarten eta Hernanin
Aste honetan ere, koronabirusa sortzen ari den arazoak direla eta, C.D. Hernaniko pelotariek sei partidu baino ez dituzte jokatuko eta guztiak Gipuzkoako Txapelketakoak izango dira.


Lau partida nabarmentzen dira eta horietako bi jokatuko dira gaur. Elizazu-Artolak, Lasarten jokatuko dute, gaur, Intzaren kontra 16:15etan. Irabaziz gero azken fasea jokatzeko sailkatuko dira eta partidarik galdu gabe jarraituko dute.


Azkenik, hirugarren mailako bikote seniorrak, Salaberria-Ortiz de Urbinak, gaur jokatuko dute Hernanin, Epleren kontra 16:30etan. Irabaziz gero, azken fasea jokatzeko sailkatuko dira eta partidarik galdu gabe jarraituko dute.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!