«Perretxiko bilketan gerta daiteke norbaitekin topo egitea eta hor ez dago legerik, etikaz jokatu behar da»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 17a, 00:00
Aitor Lasa eta emaztea, Donostian duten dendan.

Perretxiko eta onddoak biltzeko garaian sartuta gaude, eta Aitor Lasa hernaniarra jakitun da arlo honetan, izan ere, Donostian dauka besteak beste,  perretxikoetan espezializatutako denda.  Hori horrela, Lasak perretxikoei buruzko sekretupeko hainbat aholku eta pasadizo kontatu dizkio Kronikari.

Nola identifikatu daitezke zein perretxiko diren? Jakintzagatik, ukituz, bistarekin...
Perretxikoen identifikazioa erraza da, azkenean guk basikoki, hiru lau mota erabiltzen ditugu. Onddoetan adibidez, badaukagu buztana gorria duena, Satanas deitzen zaio. Hau, berehala urdintzen da, enbor desberdina dauka gainera, eta bereizteko oso erraza da, oso nabarmena da. Gainera, perretxikoetan arrisku gutxien duena, onddoa da, eta gehiena saldu eta jaten dena. 


Guk Xixa-horia ere badaukagu, baina hau oso gutxi dago, perretxiko mota honi ez baitzaio euria asko gustatzen. Cantharellus lutences ere erabiltzen dugu, Mendiko angula ere deituta. Hauek, Xixa-horien familikoak dira, eta hauek orain ateratzen dira, tronpeta baten forma daukate. Oso polita da perretxiko mota hau, laranja kolorekoak izaten dira, bixiak, eta meheak. Goroldioetan ateratzen dira, baita pinu tarteetan ere, identifikatzeko errazak.  

Arriskua beti hor dago, askotan ez dakizu perretxikoa ona den edo ez, nola ziurtatu dezakezu? 
Aipatu ditudan hauek ez dira arris­ku­tsuak. Arriskua dago Gibel urdinetan adibidez. Hau Russula motakoa da, eta badauka be­re­zi­tasun bat; oso berezia du en­­bo­rra. Russulatan, batzuk badaude hanka gorriak direnak,  apur bat pikatu egiten dute, baina kalte haundirik ez dute egiten. 


Orain mendian asko ateratzen dena, Urri-xixa da, eta hau oso arriskutsua da. Askok jaten dute, eta nik ere jan dut perretxiko mota hau, baina esan bezala arriskutsua izan daiteke. Lehen gehiago jaten zen, orain aldiz, Osasun sailak dio ez dela gomendagarria, ez da ziurra. Azkenean intoxikazioak sortu ditzake, eta hau da perretxiko bat hain zuzen, intoxikazio gehien sortu dituena edo sortu ditzakeena. 


Hala ere, Urri-xixaren itxura duen beste perretxiko bat ere badago, ezberdintasun batzuekin. Azpian dituen esporak ezberdinak dira, perretxikoa txarra bada, espora hauek arrosa kolorekoak izango dira, aldiz perretxikoa  ona bada, grisa kolorekoa izango da. Esfora hauek, txapeletik, hanka aldera doaz, eta amaitzen da beheraka, kaltegarriak direnak berriz, goraka. Guk hau guztia begiratu egiten dugu, arriskua ekiditeko. Perretxiko Gorringoak ere, arriskua du, horregatik, egiten dugu Gorringo txikien gainean lauki bat edo gurutze bat, ikusteko azpia laranja kolorea agertzen den edo ez. Azkenean debekatuta daude tamaina muga baina beheragoko perretxikoak saltzea, beraz kontu haundiz ibiltzen gara.
Nik ez ditut perretxikoak biltzen, nik perretxiko biltzaileei hartzen dizkiet, eta gero saldu. Gainera, nire dendan saltzeaz gain, jatetxeetara doaz nire produktuak, eta noski, nik ziurtasun bat eman behar dut. Hala ere, nik ardura dut, eta begiratu beharra daukat.  

Zein da perretxiko demandatuena? 
Dudarik gabe, onddoa da gehien jaten, erosten, eta eskatzen dena. Esango nuke onddoa ia mundu osoan saltzen dela. Asko saltzen da, bai izoztua, bai lehortuta... modu guztietara. 

Prezioei dagokionez, asko aldatzen da? Perretxikoaren araberakoa da? 
Bai, asko bariatzen da. Azkenean faktore asko hartu behar dira kontutan. Perretxikoa nondik ekarri behar den... Urrutitik ekartzen bada, garraioa ordaindu behar da. Jatetxe askok demanda izaten dute perretxiko konkretu batena adibidez, eta hori Errumaniatik ekartzen badugu, noski garestiagoa izango da produktu hori, azkenean kilometro asko egiten dira, eta hori kobratu beharra dago. Hemen gertuko perretxiko bat bada produktua, merkeagoa izango da. 


Zer esango zenuke, azken urteetako perretxiko kopurua zer egin da, haunditu, txikitu, hala berdin jarraitzen du? 
Hori oso aldakorra da. Izan ere, badaude urte batzuk, perretxiko asko ateratzen direna, eta beste batzuetan berriz oso gutxi. Orain bertan, urriko hilabete honetan, asko ari dira ateratzen. Nik pertsonalki, aldaketa klimatikoak eragina duela uste dut, eta perretxikoetan nabaria da. 

Sekretupean eramaten da gaia, baina zein ordutan hasten da normalean perretxioken bilketa? Asko goizean goiz joaten dira, bilketan lehenak izateko... 
Nire ustez, ez dago ordu finkorik. Askotan gertatzen da, zu pasatzen zarela eremu batetik, eta hor perretxikorik ez dago. Handik minutu edo ordu batzuetara, bapatean, perretxikoa atera da, beraz, ez dago momentu konkreturik. Bakoitzaren araberakoa izaten da, badaude batzuk, gauetan, linternarekin joaten direnak, beste batzuk goizean goiz... Gehienek gainera, goizean bildu eta jarraian hamaiketakoan jaten dituzte bildutako perretxikoak. 
Polita izaten da, mendi buelta bat egin eta perretxikoak biltzea, beste batzuk, diruarengatik joaten dira,  eta egun osoa igarotzen dute perretxikoak bilatzen, ilundu arte. 

Perretxiko biltzaile bakoitzak, eremu konkretuak dauzka... beste batekin elkartzen bada eremu berdinean, zer egiten da? 
Bai azkenean jendeak baditu bere txokoak. Askok joan aurretik badakite nora abiatu. Azkenean dauzkate 6 eremu, eta momentu zehatz bakoitzean nora joan badakite. Hori guztia, urteen poderioz egindako joan etorriekin gertatzen da. Hasieran joaten zara toki batera eta ez dago perretxikorik, hurrengoan ere ez, hurrengoan ere agian ez daude, baina eremu asko kontrolatzen badira, eta apunteak hartzen bazoaz, perretxikoak ateratzen diren eremuak aurkituko dira, seguru. 


Askotan gertatzen da,  perretxikoak dauden eremu batera joan, eta norbaitekin topatzea. Hor, beharko lukeen legerik ez dago, baina etikaz jokatu behar dela iruditzen zait. Pasatzen da, bost ordu perretxiko bila ibili den pertsona batek ez duela ezer aurkitu. Hortik gutxira, norbait heldu eta honek aurkitzea.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!